Herritarren jolasen gordailu
Busturian belaunaldi ezberdinetako herritarrek "zelan eta zertan jolasten" zuten laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa sortu dute. Aldaketaren zein transmisioaren erakusle da lana.
Iraganetik heredatu, orainaldian sortu eta etorkizuneko belaunaldiei transmitituko zaien horri deritzo ondarea. Aurten Europako 48 herrialdek parte hartu dute Europako Ondarearen Jardunaldietan, Living Heritage lelopean. Jardunaldien 23. aldia izan den horretan, milaka ekintza eta proiektu aurkeztu dira irailetik eta azarora bitartean. Proiektu guztiek gai amankomuna izan dute: ondare immaterial bizia.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 112 udalerrik egin dute bat aurtengoan Europako Ondarearen Jardunaldiekin, guztira 270 ekitaldi eta jarduera baino gehiago gauzatuz. Busturia da Bizkaiko Foru Aldundiaren deialdiari erantzun dion herrietako bat, izan ere, “sei edo zazpigarren urtez” Labayru Fundazioagaz elkarlanean aritu da udala.
Urteetan, askotariko gaiak landu dituzte Busturiko Udalak eta Labayru Fundazioak, hala nola, udalerriko bost ermiten egunerokotasuna edo XX. mendearen hasieratik udalerriko kultur talde desberdinek eduki duten bilakaera. Aurtengo gai nagusia ondare immateriala bazen ere, gai horren barruan murgiltzeko askatasuna eduki dute parte hartzaileek: “Ondare immateriala bost atal nagusitan banatzen da, eta bakoitzak mila azpigai lantzeko aukera ematen du”.
“Generazioen arteko ekintzak sortzeko ahaleginari erantzuten dio lanak”
Busturian umeen jolasak eta horiek urteetan izan duten aldaketa eta transmisioa lantzea hautatu dute, Akaitza Kamiruaga Labayruko kideak egindako ikus-entzunezko baten bitartez. Zuzendariak azaldu duenez, aldundiak egindako «generazioen arteko ekintzak sortzeko ahalegina» egiteari erantzuten dio dokumentalak eta, bide batez, transmisioan laguntzen du. Izan ere, gaia “aproposa” iruditu zitzaien, adin ezberdinetako jendea elkarrekin jolasten jartzeko aukera eman dielako herritarrei, transmizioan “etena” egon dela agerian uzteagaz batera.
Ostu-ostuka eta txopinka izena jarri diote adin ezberdinetako busturriarren testigantzak biltzen dituen dokumentalari. Kamiruagak dionez, “belaunaldi bakoitzeko esperientzia aldatuz doa”, eta ikus-entzunezkoak hori adierazi nahi du, adibidez, 70 urte dituztenen eta 50 urtetik gora dituztenen bizi esperientzien artean “alde itzela” dagoela. Urte gutxian bizitza asko aldatu daitekeela agerian utzi gura izan du egileak, neska eta mutilek bananduta jolastetik elkarrekin jolasten hasteko jauzia edota etxeko lanetan lagundu behar izatetik eskolatik irtetean plazan jolastu ahal izatera pasa ziren belaunaldi bateko jauzian.«Generazioen arteko ekintzak sortzeko ahaleginari erantzuten dio lanak»
“Belaunaldien esperientzia aldatuz doala adierazi nahi du ikus-entzunezkoak”
Biztanleriaren eragina. Herria zenbat eta txikiagoa izan ondarea zaintzea edo belaunaldien arteko transmizioa bideratzea orduan eta “errazagoa dela ematen du”, baina “ibilbidea nahikoa parekoa” da. Agerikoa da hiriek etorkin gehiago jaso dituztela, baina “Busturira ere asko etorri ziren, Muruetako ontziolara lanera”.
Herri txikiek transmisioan izan ditzaketen abantailen artean “euskara gehiago mantendu izana” nabarmenena izan daitekeela adierazi du Labayru Fundazioko zuzendariordeak. Hala ere, jakinarazi duenez, Busturiaren kasuan, herri txikia izanik ere “ez dira hobeto mantendu jokoak”, baina bai aurkitu dute joko eta abestiren bat –trukemea egiteko erabiltzen dena, adibidez–, ez dena beste herri batzuetan aurkitzen.
“Herri txiki zein handietan transmisioaren ibilbidea parekoa da”
Joko tradizionalak aipatzean, askotan, norberak bere herriagaz lotura egiteko ohitura daukala aipatu du Kamiruagak, baina kontuan eduki behar da horietako asko, ziur asko, Europan zehar edo mundu mailan ere jokatzen direla, –”ez direla gureak bakarrik”–, esan du.
Proiektu berriak. Kamiruaga baikor agertu da Busturiagaz elkarlanean jarraituko ote duten galdetzean: “Nik uste dut baietz, seguru etorriko direla lan gehiago”. Busturiaren eta Labayruren arteko elkarlana aspalditik dator, Burdinaren bidea delakoagaz hasi baitzen “duela sei edo zazpi urte”. Geroztik, alkarregaz landu dituzte ondareari lotutako gaiak.
Otsail aldera aurkeztu ohi dute Europako Ondarean Jardunaldiko gai nagusia –datorren urteko gaia lehenago ezagutaraziko denaren zurrumurrua dago–, eta Europatik zein aldundiak herriei gai orokorra aurkeztuta, udalaren, erakundeen eta taldeen esku geratzen da ideia horrek beraien herriagaz bat egin dezakeen erabakitzea.
Labayru Fundazioak askotariko gaiak lantzen ditu, eta udalen edo taldeen esku dago, “beraien lehentasunen arabera”, interesatzen zaiena hautatzea. Labayru Fundaziotik udalerriagaz lan egiten jarraitzeko “pozarren” agertu dira.