Klima-aldaketari aurre egiteko lanei buruzko ikus-entzunezkoak argitaratu dituzte
Urban Klima 2050-ek bertan parte hartzen duten udalerrietan ekintza klimatikoaren arloan egindako aurrerapenei eta planifikatutako lanei buruzko bideo-bilduma egin du. Zazpi udalerri hauetan tokiko proiektu pilotuak garatzen ari dira: Bermeon, Gernika-Lumon, Bakion, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Zarautzen.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekintza klimatikoko proiekturik “handienak”, LIFE IP Urban Klima 2050-ak, bide erdia egin dagoeneko, eta azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Dubain egiten ari diren Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konferentziaren (COP 28) harira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpi udalerritan klima-aldaketari aurre egiteko lanei buruzko bideoak plazaratu dituzte.
Ikus-entzunezko piezek Bermeon, Gernika-Lumon, Bakion, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Zarautzen berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko eta udalerri bakoitzeko klima-arrisku zehatzei aurre egiteko ekintzak aztertzen dituzte. Udalerriek, horrela, 2050erako klima-erresilientzia sustatzen dute.
Zazpi kasu pilotuetako bakoitza hiru piezatan erakusten da. Alde batetik, bideo teknikoek herri bakoitzaren berezitasunak eta hasierako eskakizunak adierazten dituzte, eta zehatz-mehatz deskribatzen dituzte aukeratutako ekintza klimatikoak. Teknikarientzat badira ere, interesa duten herritarrentzako informazio-iturri zehatza ere badira.
Bigarren bideo-motak modu ikusgarriagoan eta laburragoan erakusten ditu ekintzak. Horretarako, pop up liburuetan oinarritu dira, eta udalerriek 2050ean, ekintzak ezarri ondoren, izango duten itxura erakusten dute. Hirugarren bideo-motan, trailer gisa, aurreko bi bideoen edukiaren aurrerapena ematen da. Aurrerapen horiek COP 28ren aurkezpenean argitaratu zituzten.
Gernika-Lumon, Bekoibarrako bidea eraiki dute. Horrek, klima-aldaketara egokitzeko irizpideen bitartez, “hiri-konektibitatea hobetuko du, uholdeen aurrean erresilientzia handiagoa bermatuko du, eta, aldi berean, kutsatzaileak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Oka ibaira arrastatzea saihestuko du”. Bermeoko Tonpoiko natur gunea berreskuratzeko lanak ere aipatzen dira: “Bertan, klima-aldaketara egokitutako irizpideen arabera, erabilera publikorako hiri-inguruko azpiegitura berdea garatzen ari dira”.
Bakioko proiektuaren helburua uholdeetatik “babestea” eta Estepona ibaiaren ingurumena “hobetzea” da. Horretarako, ibilguaren ondoan padura eta urez bete daitekeen basoa sortuko dituzte, ur-goraldiek herrigunea “kaltetzeko arriskua murrizteko”.Zarautzek eraztun berde urdinarekin jarraitzen du, udalerria klima-aldaketara egokitzeko. Bestalde, kostaldeko hiri-frontea egokitzeko alternatibak aztertzen ari da.
Hiru lurraldeetako hiriburuei dagokionez, Bilboren kasuan, Zorrotza Puntaren hirigintza-garapena jaso dute; klima-aldaketaren eta egokitzapenaren ikuspegia Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPN) sartu dute. Donostiak klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko zenbait ekintza jarri ditu martxan, mugikortasunean, lurraldean, energian eta ekonomia zirkularrean, besteak beste, eta, horien artean, Artikutzako uharka, Errekatxuloko errekaren ingurua birnaturalizatzea eta udal-bulegoetan autokontsumorako eguzki-panel fotovoltaikoak jartzea nabarmendu dituzte. Gasteizen, nekazaritza ekologikoa sustatzea helburu duen Basaldea-Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Zentroaren lana azaldu dute, baita eskolako patioak naturalizatzeko, udalerriko zuhaiztiak hobetzeko eta Alde Zaharra berritzeko “konponbide naturalak erabiltzen” ari direla ere.