Inma Agirre, 12 urtegaz Australiara
Gurasoek bederatzi seme-alabekin egin zuten bertarainoko bidaia
Inma Agirre 1953ko abenduaren 8an jaio zen Gabikan (Ereño). 70 urte betetzen ditu gaur. 1966ko urtarrilaren 10ean joan zen Australiara familiagaz; 12 urte zituen. «Ama, aita eta bederatzi seme-alabok joan ginen; eta ama haurdun. Hamargarrena abuztuan jaio zen han», dio Agirrek.
Hegazkinez joan ziren. Townsvillen familia zuten zain, eta handik Ayrrera bideratu ziren. Bertan senide asko zituzten: aitona, izeba-osabak, lehengusuak… «Senitarteko asko geneukan han: aitaren anaia Ramon Agirre; aitaren arrebak, Juanita Lekerika eta Ambrosia Bilbao; gure lehengusua Luis Bermeosolo Gaztelu; eta lehengusina, Felisa Bermeosolo», azaldu du.
Ayrren familiak etxe bat topatu zien. Gurasoek biek lan egiten zuten. «Amak ere bai; Jose Gabiolan farman sarri: kalabazak batzen, lekak batzen edo kaina zuritzen gero plantaziorako. Umeak solo hegalean zituela», gomutatzen du.
Agirre eta bere neba-arrebak eskolara joaten ziren, baina asteburuetan eurek ere (adina kontuan izanda, jakina) lan egiten zuten amak bezala. «Geuk ere behar egiten genuen, berdurak batzen eta. Laguntzeko. Telebistarik ez geneukan, eta auzokoarenera joaten ginen ikustera. Behin amak esan zigun geuk ere bat erosi behar genuela, ezin genuela horrela ibili eta, beraz, zapatu-domeketan egindako diruagaz erosiko genuela, eta halantxerik izan zen», gomutatzen da Agirre.
14 urtegaz hasi zen lanean Ayrren, greko baten kafetegian. «Adin horregaz ezin zen, baina ugazaba andreak esan zidan inspektorea etorriz gero, esateko 16 nituela; izan ere, altua nintzen». Bizikletan egiten zuen joan-etorria; ondo gogoan du, gaueko hamabietan bizikletari aurrean linterna ipini argi egiteko eta bueltatzen zela etxera.
1973an etorri zen etxera nebagaz ostera bat egiten. Hemen zegoela ezagutu zuen bere senarra izango zena, Jose Luis Etxeandia. Hura ere Australiatik etorria zen etxekoei bisita bat egitera. «Ez ginen elkarregaz bueltatu atzera». 1976an ezkondu ziren. «Inghameko eta Ayrreko euskaldun asko egon ziren gure ezkontzan. Vicenta Morales andrea arduratu zen ezkontzako jatekoagaz eta berak prestatu zigun otordua. Zorte txarra izan genuen, gure ezkontza egunean Moralesen senarra hil egin zen. Baina dena ondo atera zen», dio hunkituta.
Ayrren bizi ziren; senarrak Calamia Mill enpresan egin zuen lan. Bi seme-alaba izan zituzten. Agirrek umeak kaskondu arte ez zuen lanik egin, gero bai, ordea. «Bariku eta zapatu gauetan zerbitzari egiten nuen lan ospakizunetan Bonato’s Hotelean, Brandonen. Charlie restaurant jatetxean ere egin nuen». Familia giroa zela nagusi adierazten du, ez zela hemen moduan. «Familiagaz egoten ginen asko. Bowenera joaten ginen errekan arrantza egitera; jaietan ere ederto pasatzen genuen. Parke batera joaten ginen, eta beti arbola baten inguruan egoten ginen, gerizpa handia ematen zuen eta, uraren ondoan zegoen, eta huraxe nahi izaten genuen; guk eta italianoek ere bai», dio barreka. Gizonak goizeko seitarako joaten ziren lekua hartzera, eta andreak eta umeak heltzen zirenerako, sua eginda eta bakailaoa erreta izaten zuten.
Australian bizimodu ona zeukatela azaldu du . «Ni umetan joan nintzen, hantxe hazi, bertan ezkondu, bertan izan dut familia…».
1990ean ostera bat egin zuten laurek Euskal Herrira hiru hilabeterako,eta 1991n berton gelditzeko etorri ziren. Inma da itzuli den bakarra, neba-arreba guztiak eta gurasoak Australian gelditu ziren.
Gernika-Lumon bizi da.