Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzeko proiektuaren lehenengo lanei begira
Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren hitzarmenak ingurumenari lotutako hamahiru jarduketa jasotzen ditu, eta horiek egiteko sei urteko epea daukate.
Guggenheim Bilbao Museoa Urdaibaira hedatzeko proiektuak oihartzun zabala izan, eta eztabaidak sortu ditu, eta proiektuaren sustatzaileek sarritan azpimarratu dute Busturialdearen ingurumenean zein arlo ekonomikoan eta sozialean eragin positiboa edukitzea dela proiektuaren premisa nagusietako bat, eta ildo horretan, ingurumenari dagozkion jarduketek berebiziko garrantzia daukate. Hain zuzen ere, Urdaibaiko estuarioan garapen iraunkorreko jarduera bereziak egikaritzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren arteko hitzarmenean jasota daude finantzatu beharreko jarduketak eta horiek burutzeko epeak.
Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 40 milioi euroko diru laguntza eman du hitzarmenean jasota dauden jarduketa horietarako, eta sei urteko epean egin behar dituzte.
Kontzerbazioan eta lehengoratzean oinarrituta, besteren artean, Gernika-Lumon eta Muruetan osotara, 63.500 metro koadro ingurutan eta Gernika-Lumoko industria-eremuaren inguruko akuiferoan kutsadura kenduko dute, hainbat eremutan espezie inbaditzaileak desagerrazteko jarduketak egingo dituzte eta 600 metroko linea elektrikoa lurperatuko dute, baita BI-2235 errepide paretik doan bide gorria eta Gernika-Lumo eta Murueta lotzen dituen kostaldeko oinezkoen bidezidorra osatu eta hobetu ere.
Ingurumenaren lehengoratzea eta kontzerbazioa helburu duten hamahiru jarduketa zehaztu dituzte hitzarmenean.
Gernika-Lumoko Dalia fabrika zaharrari dagokion 21.186 metro koadroko lurzoruan kendu behar dute kutsadura, eta horretarako lehenengo pausoak eman dituzte. Hiru urte daramatzate lurzoruaren kutsadura aztertzen eta lauzpabost urte akuiferoarena, eta informazio zehatza badaukate ere, kutsadura-mapa 2024an amaitu, eta lanekin hastea aurreikusi dute. Kutsadura kentzea eta guztiz garbi uztearen eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, eta haren azken txostenaren zain daude. Aurten produktu bioestimulatzaileekin proba pilotua egin dute lurzoruan, eta emaitza ona lortu dute. Akuiferoan bi kutsadura foku aurkitu dituzte: Dalia parean eta egun elkartegia dagoen inguruan. Azken horretan egon zen Dalian modura mahai-tresnak ekoizten zituen Malta fabrika.
Muruetako ontziolak bere jarduna amaitzean, ingurua lehengoratzeaz gain, itsasadarrak hura eraiki aurretik, 1956an zeukan hedadura berreskuratuko du; enpresak itsasadarraren 2.000 metro koadroko zatian bere erabilerarako gune bat sortu baitzuen.
Proiektuan aurreikusita dauden Muruetako eta Gernika-Lumoko eraikinen lanak nazioarteko lehiaketaren bidez esleituko badituzte ere, bete beharreko baldintzeko bat izango da ingurune naturalagaz bat egin eta berau kaltetzen ez duten eraikinak izatea. Gainera, Muruetan, 42.384 metro koadroko eremutik, %25 bat hartuko du museoak, eta gainontzekoa–30.000-35.000 metro koadro–paisajismo jardueragaz egokituko dute. Besteak beste, ontziola inguruko landare inbaditzaileak kenduko dituzte, eta bertako espezieak landatu eta berdeguneak eta lorategiak sortuko dituzte. Gernika-Lumon, berriz, 17.000 metro koadroko eremuaren %40-45 egokituko dute aipatutako paisajismo jardueragaz.
Bide gorriari dagokionez, Forua eta Murueta artekoa mantendu, berritu eta osatuko dute. Hau da, alde batetik, Gernika-Lumoko eraikinetik Foruan egungo bide gorria hasten den tarterainoko zatia egingo dute, eta, beste alde batetik, Muruetan bide gorria amaitzen den lekutik museoaren eraikina egongo den lekurainoko tartea egingo dute. Bizikletentzako aparkalekuak ere egokituko dituzte.
Era berean, oinezkoentzako bidezidorrari dagokionez ere, egungo bidearen zati bat (4,5 km) dagoen moduan aprobetxatuko dute, eta azkenengo zatian hobekuntzak egingo dituzte, eta 400 metroko tartea gehituko diote museoaren eraikineraino heltzeko. Hobekuntzeti dagokinez, tarte batzuetan egurrezko pasabideak ipiniko dituzte.
Hitzarmenean zehaztuta dago paduren 20 hektarean landare inbaditzaileak desagerrarazteko jarduketa. Hain zuzen ere, aurreikuspenen arabera, itsasoko ura landare horiek dauden eremuetara pasatzen utziko dute, eta horiek ur gazia jasatzen ez dutenez, desagerraraztea lortuko dute.
Bestalde, jarduketen egikaritze prozesuan ingurumenagaz lotuta sor litezkeen beharrei erantzuna eman behar izanez gero, bestelako ingurumen- jarduketak egin ahal izatea jaso dute hitzarmenean.