Egunero euskara elkarrekin hauspotzeko aldarrikapena
Mendi irteerak, tailerrak, jolasak, musika, bertsoak... askotariko jarduerekin bete dute Euskararen Eguna Busturialdean. Beste urte batez, aldarrikapen ozen eta zehatzak ere entzun dira eskualdeko udalerrietan.
Euskaren Eguna ospatzeko elkartu ziren Busturialdeko bizilagunak atzo [abenduak 3] zein aurreko egunetan ere. Urtero legez, jai giroan aldarrikapenek ere lekua eduki dute, eta eguneko adierazpenaren barruan, euskaraz bizi direla eta bizi gura dutela ozen zabaltzeagaz batera, “euskararen kontrako oldarraldiei, alkarregaz eta irmo erantzutearen” garrantzia nabarmendu dute hainbat udalerritan.
Bermeon, adibidez, bariku goizean hasi zuten egitaraua, eta arratsaldean, Eingule? Lehiaketa Herrikoia jokatu zuten. Asteburuan ere Lamerako karpan hamaika ekitaldi egon da: tailerrak, euskal abestiak, jolasak, eskulanak…
Atzo mendi ibilaldiagaz hasi zuten Euskararen Eguna. 55 pertsona elkartu ziren Taraskan, San Andreserainoko ibilbidea egiteko.
Hitza eta ahotsa. Hitzik barik ez da ahotsik. Herritarren ahotsa ere bada Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza, eta egunkariak ere Gaitu proiektuagaz bat egin du. Bermeotarren ahotsak grabatu zituzten Euskararen Egunean, eta baita HITZAren materiala oparitu, eta Errigoraren bi otzara zozkatu ere. Lamera jendez bete zen domeka eguerdian, eta, besteak beste, Sustabiz Fundazioko kideak bertan egon ziren herri kirol erakustaldia eskaintzen eta Bermeoko Erraldoien Konpartsak girotu zuen eguerdia.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren taupadak euskara hutsean dira, eta, aurten, eskualdeko euskarazko egunkariak bestelako eran lekua egin du Euskararen Egunean. Barikuan proiektua sakon ezagutu ahal izan zuten Busturian; Zelan sortu zan Busturialdeko Hitza? hitzaldia eman zuten Oihana Cabello Elorriagak eta Larraitz Ibaibarriaga Etxaburuk, Kultur Etxean.
Sukarrietarrek ere euren aletxoa ipini zioten Gaitu proiektuari zapatu arratsaldean, eta gauean, berriz, bertso afarian batu ziren Mikel Retolaza busturiarragaz eta Onintza Enbeita muxikarragaz. Halaber, bisita gidatu “berezia” izan zuten Santimamiñen. Gida Bira programaren barruan, Aitor Etxebarriazarraga bertsolari gernika-lumotarra ibili zen gidari lanetan, eta antolatzaileen berbetan, “giro bikaiña” sortu zen.
Natxituan Iker Plazaolak, Maialen Sorzabalberek, Maria Blancok eta Julen Portillok bakarrizketa eskaini zuten atzo arratsaldean, eta zapatuan, ostera, talo tailerra eman zuten. Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako bizilagunak Gorozikan elkartu ziren atzo, eta horiek ere talo tailerra eduki zuten. Puzgarri, tailer eta jolas artean giro ederra sortu zuten.
Gautegiz Arteagan ere egitarau zabala eduki dute asteburuan. Esate baterako, zapatu arratsaldean Mihiluze herrikoia lehiatu zuten, eta atzo, berriz, dantzari eta abesbatzako kideen herriko plazako emanaldiez gain, Sustabiz Fundazioaren kideen eskutik, arrauna, zesta punta eta herri kirolak uztartu zituzten frontoian.
Foruan Eskulan tailerra familian izango dute gaur (abenduak 4), JM Torrealdai Kultur Etxean ; 3-12 urte bitartekoekin egiteko modua dela zehaztu dute.
*Argazkiak: Bermeoko, Busturiko, Gautegiz Arteagako, Mundakako eta Muxikako udalak, Artiako Gazte Asanblada, Santimamiñe eta HITZA.