Bermeoko berbekin, jolasean ikasiz
Eingule? Lehiaketa herrikoia jokatu dute Lameran, eta bi astez martxan egon den zein lehiaketa herrikoiaren sariak banatu dituzte. Euskararen Egunagaz lotutako hiru egunetako egitarau betea daukate Bermeon.
Azaroaren 20an hasi eta atzo [abenduak 1] amaitu zuten Eingule? Lehiaketa. Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabalduz, “herritarrei nortasuna ematen dion hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna” agerian utzi du bigarren urtez.
Motx pailazoaren ikuskizunean gogotik dantzatu zuten umeek atzo arratsaldean, eta, ondoren, herriko Divenire Dantza Eskolakoek “euskarari eskainitako” dantza eskaini zuten.
19:00ak aldera hasi zuten Eingule? Lehiaketa herrikoia, Lameran. Zein da Burgoa mendiaren altuera? Bermeoko errekarik handiena eta luzeena? Mañu auzoko jaia noiz izaten da? Zer luzera du Izaro irlak? Zer da kutune? Zein etxetan jaio zen Benito Barroeta margolaria? Noiz izan zen Matxitxakoko guda? Herriko lekuak, berbak, jaiak, kondairak, eraikinak… ondo ezagutzen dituzten frogatzeko aukera eduki zuten parte-hartzaileek.
Eneritz Artetxe aktore gernikarrak aurkeztu eta gidatu zuen saioan, 50 galdera egin zizkieten mugikorreko aplikazioaren bidez, eta bakoitza erantzuteko hamabost segundo eduki zituzten. 22 erabiltzailek parte hartu zuten; familian eta lagun artean sortutako taldetxoetan aritu ziren galderak erantzuten, giro ederrean eta lehia sanoan. Mitxu erabiltzaileak irabazi zuen, eta Ainara eta Lander geratu ziren bigarren, eta Ondokarridxentzat izan zen hirugarren sailkatuaren saria.
20:00etan amaitu zuten lehiaketa herrikoia, eta, jarraian, bere zein bi astetan martxan izan duten lehiaketaren–egunero 10 galderako galdetegia zabaldu dute– sariak banatu zituzten. Eguneroko lehiaketa horretan, Mikel erabiltzaileak lortu ditu puntu gehien: 1.187.764 puntu. Mmaaffaallddaa erabiltzailea sailkatu da bigarren (1.187.640 puntu) eta Gus hirugarren (1.079.897 puntu). Bi lehiaketa horietako lehenengo hiru sailkatuek jaso zituzten sariak, herriko denda eta kontserberetan gastatzeko erosketa txartelak, hain zuzer ere. Lehenengo sailkatuek 150 euroko txartelak irabazi zituzten, bigarrenek 100 eurokoak eta hirugarrenek 50 eurokoak. Halaber, Amaia Ormaza Tarantinorentzat izan zen Instagrameko saria.
Antolatzaileek laguntzaile izan dituzten herriko komertzioei eta kontserbera enpresei eta asteotan eta atzo parte hartu zuten bermeotarrei eskerrak eman zizkieten.
Ondo pasatu ez ezik, Bermeoko berbak ikasteko aukera eduki dute herritarrek egunotan. Lehiaketagaz batera, bi astez Bermeotarrak berbetan kale elkarrizketak zabaldu dituzte ikus-entzunezkoen bidez.
Asteburu bete-betea. Atzo goizean hasita, Euskararen Egunagaz lotutako hamaika ekitaldi egingo dituzte Lameran. Esate baterako, ginkana herrikoia egingo dute gaur goizean, eta arratsaldean, besteak beste, eskulanak, jolasak eta ikastolen sortzaileetako bat eta euskararen zein emakumeen eskubideen aldeko borrokan aritu zen Elbira Zipitriari buruzko dokumentala eskainiko dute.
Euskararen Egunean, bihar, “euskararen aldeko adierazpena” irakurriko dute, eta askotariko eskaintza izango da: mendi irteera, herri kirolak, Gaitu aplikaziorako audio grabaketak, zozketak, zeramika tailerra…
EGITARAUA:
- Gaur.
- 11:00. Umeentzako tailerrak.
- 11:30. Ginkana euskalduna herrian.
- 13:00. Euskal abestien kantaldia: Garazi Ziluaga eta Carmen Rute.
- 17:00. Eskulanak eta jolasak.
- 18:00. Photocall-a eta dantzaldia.
- 19:00. Elbira Zipitria dokumentala eta solasaldia.
- Bihar, Euskararen Eguna.
- 09:00. Mendi urtekerea Taraskatik San Andres auzora.
- 11:00. HITZAren zozketa.
- 12:00. Taloa.
- 12:00. Perkusino taldea.
- 12:15. Herri kirolak, Sustabizen eskutik.
- 12:45. Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia.
- 13:15. Berbalagun udazkeneko lehiaketaren sari banaketa eta Errigora otzaren zozketa.
- 13:30etik aurrera: euskeraren aldeko adierazpena eta pankarta erraldoia.
- 14:00. Zeramika tailerra.
- Goizean zehar: aurpegiak margotzea.