Gautegiz Arteagako Udalaren informazioa, esku-eskura
Gautegiz Arteaga Zabaltzen mugikorreko aplikazioaren bidez, herritarrei udal informazioa helaraziko diete. Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak azpimarratu du zerbitzu horrek “gardentasuna, hurbiltasuna eta eskuragarritasuna gehituko diola” udal-kudeaketari. Online tresna horretara sartzeko prozedura “erraza” da; doako app-a mugikorrera deskargatu behar da (Play Store eta/edo AppStore-n deskarga daiteke).
Bi norabideko informazioa eta komunikazioa “errazten” ditu: udaletik herrira eta herritik udalera.”Gautegiz Arteagan danok ezagutzen dugu alkar, eta hurbiltasun hau nabarmena da udalaren lanean ere, hurbiltasuna mantentzen lan egiten dugu eta horretan ahalegintzen gara. Aurrez aurre entzuten eta artatzen dugu, gure informazioa zabaltzen dugu karteletan, sare sozialetan eta komunikabideetan, bai eta udaletik-herritarrengan zuzeneko zabalkunde-zerbitzu bategaz ere, posta elektronikoaren bidez”. Gogoratu du azken zerbitzu horregaz “urteak daramatzatela”, eta erroldatutako bizilagun denak harpidetu daikezkeela.
Gautegiz Arteaga Zabaltzen aplikazioari esker, herritarrek “herriko intereseko” gaiei buruzko udal-abisuak jasoko dituzte, esaterako, autobus-ordutegien aldaketei, errepide-mozketei eta kultura-, kirol- eta jai-gaiei buruzkoak. Aplikazioa ordenagailuetan ere eskuragarri egongo dela jakitera eman dute.
Zerbitzu berriak Kalezaindu barne-atala dauka, eta bertan, herritarrek oharrak eta jakinarazpenak utzi ditzakete: “Auzoan edo herriko beste punturen batean matxurarik dagoen, hodiren bat hautsi den, farolaren bat hondatu den…” Horrela, arreta “arinagoa eta eraginkorragoa” emango zaiela uste dute udal arduradunek.
Era berean, whatsapp bidez informazioa zabaltzea ere aurreikusi dute. Posta elektronikoz informazioa jasotzeko zerbitzura gehitu gura dutenek eta whatsapparen hedapen zerrendan izena eman gura dutenek zerbitzu bat edo biak eska ditzakete komunikazioa.gautegiz@bizkaia.org helbidera mezu elektroniko bat bidalita edo udal bulegoetara joanda. “Kasu jakin batzuetan, informazioak alkarren osagarri izan daitezke”.
Gardentasunaren eta hurbiltasunaren alde lan egiten dutela berretsi du Saituak, eta, horregaitik, orain beste pauso hori emateko erabakia hartu dutela. Herri-partaidetzarako tresna horren bidez, “herritarrengandik hurbilago” egon gura dute, “egunean 24 orduz, urteko 365 egunetan”. Izan ere, bizilagunen beharrak ezagutzen eta benetako arazoei “modu arin eta eraginkorrean” irtenbidea ematen lagunduko dien tresna dela azpimarratu du alkateak.