Euskararen Eguneko ekitaldiz beteko da Busturialdea
Euskararen Eguna domeka bada ere, gaur hasi eta astelehenera bitartean hamaika jarduera izango dira Busturialdeko udalerrietan.
Busturialdean euskaraz bizi garela aldarrikatu eta erakutsiko dute, beste urte batez. Abenduaren 3a (domeka) da Euskararen Eguna, baina gaurtik ekitaldiz beteko da eskualdea. Aldarrikapenez jositako adierazpenak irakurriko dituzte zenbait udalerritan, eta horrez gain, belaunaldi guztientzako ekintzak izango dira aukeran, nonahi.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren taupadak euskara hutsean dira, eta, aurten, euskarazko egunkariak bestelako eran lekua egin du Euskararen Egunean. Gaur [abenduak 1] proiektua sakon ezagutu ahalko dute Busturiara hurreratzen direnek; Zelan sortu zan Busturialdeko Hitza? hitzaldia emango dute Oihana Cabello Elorriagak eta Larraitz Ibaibarriaga Etxaburuk, Kultur Etxean.
Bestalde, domekan [abenduak 3] Bermeon egongo dira. Errigoraren bi otzara zozkatuko dituzte, eta joko baten bidez, 200 opari baino gehiago banatuko dituzte; parte hartu gura dutenek, GAITU proiektuaren erronkagaz bat egin beharko dute, euskaraz audioak grabatuko dituzte ahotsen datu-baserako, “adimen artifizialak ere euskaraz egin dezan”.
Era berean, Sukarrietan ere euren ekarpena egingo diote proiektuari. Bihar arratsaldean [abenduak 2] Ludotekan grabatuko dituzte herritarren ahotsak. Ostean, bertso-afarian elkartuko dira Onintza Enbeita muxikarragaz eta Mikel Retolaza busturiarragaz, Plazatxoa tabernan (aurretiaz izena eman beharko da, 94-687 07 15 telefono zenbakian edo udala@sukarrieta.eus helbidera idatzita). Kortezubin ere eskualdeko bertsolariek girotuko dute gaurko poteoa. Lilibertsoko Ander Elortegi natxituarra, Ibai Amillategi gernika-lumotarra eta Koldo Gezuraga muxikarra egongo dira txokoan.
Gautegiz Arteagan ere egitarau zabala daukate bihar eta etzirako. Esate baterako, bihar arratsaldean Mihiluze herrikoia lehiatuko dute. 12 urtetik aurrerakoek parte hartu ahalko dutela eta gehienez lau pertsonako taldeak osatu ahalko dituztela zehaztu dute. Parte hartzeko estekan izena eman behar da.
Bestalde, herri kirolak ere ez dira faltako egunotan. Arratzun, Gizonezkoen Bizkaiko Harrijasotze Txapelketa eta Gizonezkoen Bizkaia Open zaku eramatearen eta lokotx biltzearen finalak jokatuko dituzte bihar eguerdian, plazan. Gautegiz Arteagan, berriz, Sustabiz Fundazioaren eskutik, umeentzako jardunaldi parte hartzailea antolatu dute, arrauna, herri kirolak eta zesta punta batuta. Elantxobe Arraun Elkarteko kideak eta Alex Goitia puntista markina-xemeindarra izango dira bertan. Gainera, Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko kide hauek harrijasotze erakustaldia eskainiko dute: Iñaki Rafaelek (Gernika-Lumo), Engells Bellok (Busturia) eta Ane Atxustegik (Usansolo).
Gernika-Lumon, ostera, eguaztenean [azaroak 29] eduki zuten lehenengo ekitaldia: 11 orduko irakurraldia. Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen duen jardunaldi horretan, Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak liburuaren pasarteak irakurri zituzten, Elai Alai areto txikian, eta idazlea ere bertan egon zen. Bihar eguerdian, Segundo Olaeta Musika Eskolako eta Urdaibai Kantaguneko kideek Euskal Lorratzak emanaldia eskainiko dute, Merkatu plazan.
Ean hitzordu bikotza daukate asteburuan. Sagardoa eta taloak dastatzeko aukera izango da bihar eguerdian, Natxituko Bolatokian, eta, domeka arratsaldean, leku berean, Iker Plazaolak, Maialen Sorzabalberek, Maria Blancok eta Julen Portillok bakarrizketa osatuko dute. Gainera, aste honetan Egunean Behin lehiaketan parte hartu dutenen artean, bi lagunentzako bazkaria irabaziko du puntu gehien lortu dituenak. Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako bizilagunak Gorozikan batuko dira Euskararen Egunean, eta bertan ere talorik ez da faltako. Musika, puzgarri, tailer eta jolasez gain, Gabonetako postala aukeratzeko Marrazki Lehiaketa egingo dute (0 urtetik LH 4.mailara bitartekoek parte hartu ahalko dute).