Bermeo, Sollubetik Izaroraino
Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak hirugarren urtez sortu du Bermeorako jaiotza, eta gaurtik [abenduak 1] urtarrilaren 7ra arte ikusgai dago Kofradia Zaharrean.
Sei laguneko lan-taldea bost hilabetez aritu da Bermeo jaiotza sortzeko beharrean, eta gaur aurkeztu dute euren lanaren emaitza. Bizkaiko Belenzaleen Elkartearen ordezkariek, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak eta Xabi Ortuzar alkateordeak inauguratu dute gaur doizean [abenduak 1].
Lanak udalerriaren “bestelako” ikuspegia erakusten du. Jesus Uresandi Bizkaiko Belenzaleen Elkartearen presidenteak azaldutakoaren arabera, Sollube da begiratokia: “Udalak lurrak ikustea gura izan du, Bermeori buruz hitz egiten den gehienetan, itsasoa aipatzen da, baina lur-hedadura zabala dauka, ia-ia itsasoa baino lur gehiago dauka… Sollubetik jasotako ikuspegia egitea erabaki zen, haran dena ikusteko”. Almika, Mañu, Zarragoitxi mendia, baserritarrak, dantzariak, Olentzero… ikusten dira, eta etxebizitza eta eraikinekin batera, baita portua eta Izaro ere.
Beste behin, xehetasunez betetako jaiotza da: iturria, harrizko mahai eta bankuak, hesia… “Guk ez ditugu maketak egiten, birsorkuntzak dira, eta detaile guztiak egiten ditugu, ez dugu bat bera ere kanpoan uzten. Otsailean etorri ginen eta ekainaren amaiera edo uztailaren hasiera arte aritu ginen lanean”. Bizkaiko Belenzaleen Elkartearen presidenteak dioenez, itsasoa eta zerua bereizten dituen “errematea lortzea izan da zailena”, eta pinuak eta etxeak sortzea izan da “lan potoloena”.
Zozketak. Berritasun modura, aurten, lehiaketa berezia prestatu dute. Jaiotzan zenbat pinu dauden galdegin dute, eta kofradiaren kanpoan zein Bermeon Zer? liburuxkan dagoen QRaren kodearen bidez parte hartu behar da. Asmatzen dutenen artean jaiotza txiki bat zozkatuko dute, eta asmatu ez dutenen artean, berriz, antzerki edo kultur emanaldiren baterako sarrerak zozkatuko dituzte.
2021ean Luis Pareten Vista de Bermeo margolana birsortu zuten, eta, iaz, berriz, Gaztelugatxe izan zen protagonista. Elkartekoek nabarmendu dute jaiotzek “harrera oso ona” daukatela Bermeon: “Lehenengoa oso interesgarria iruditu zitzien bermeotarrei. Oraingoan, landa-eremua nabarmendu gura izan da; Bizkaian lurrazal gehien daukanetakoa da Bermeo”. Bestalde, aurtengo jaiotza aurkezteagaz batera, datorren urterako daukaten proposamena ere helarazi diete Bermeoko alkateari eta alkateordeari. “Itsasotik Bermeoko ikuspegia jasoko lukeen jaiotza da”.
Gernika-Lumon, bihar. Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak Gernika-Lumoko Santa Luzia auzoko ermitan ere ipintzen du jaiotza, eta aurten sortu dutena bihar [abenduak 2] inauguratuko dute, 13:00etatik aurrera.
Bestalde, Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi du gaur piztuko dituztela Gabon sasoian herria apaintzen duten argiak. 18:30ean Foruen plazan izango da piztuera-ekitaldia, eta, ondoren, txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete bertaratzen diren herritarrei.