Lekerikak eta Goikoetxeak garaipen erosoa lortu dute Winter Serieseko lehenengo jardunaldian
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikabeaskoak bi setak irabazi dizkiete Erik Mendizabali eta David Minvielleri, eta, beraz, lau puntu garrantzitsu eskuratuta, A multzoko liderrak dira.
Ikuskizuna eta ikusmina bueltatu dira zesta puntaren katedralera. Puntistek hasi dute denboraldia. Winter Seriesagaz batera, hasi da Jai Alai League, eta hasiera ez da edonolakoa izan. Egun berezia zen atzokoa Gernika-Lumon, Urriko Azken Astelehenean jendetza batu zen udalerriko kaleetan eta bazterretan, eta Jai Alai frontoia ere zalez bete zen arratsaldean.
Partiduen aurretik, aurtengo txapelketaren bikoteak aurkeztu zituzten, eta publikoaren txalo zaparrada artean egin zuten kantxarako bidea. Argiztapen bereziagaz, izarren pareko harrera egin zieten puntistei.
A multzoko lehiagaz hasi dute Eusko Label Winter Series txapelketa, eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrak ez zuten parekorik izan. Erik Mendizabal mutrikuarraren eta David Minvielle donapaleutarraren kontra garaipen erosoa eskuratu zuten, eta urrea balio duten lau puntu poltsikoratu zituzten (eta 13 tantoko average-a). Eurak dira multzoko liderrak eta gaur-gaurkoz faboritoak; multzo horretako gainontzeko hiru bikoteak (Erik-Minvielle, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio) gogor lehiatu beharko dira bigarren postua lortzeko.
Goikoetxea eta Lekerika 5 eta 0 aurreratu ziren markagailuan. Mendizabal hurreratzen ahalegindu zen; sake errastoan egin zuen bere gaueko lehenengo tantoa. Gero, bi paretagaz eta txik-txakagaz apur bat hurbildu ziren (5-4). Baina, Goikoetxearen eta Lekerikaren sendotasuna erabakigarria izan zen. Zumaiarrak gogor lan egin zuen, eta errebesean nagusi izan zen, eta etxeko atzelariak huts gutxi egin zituen, eta bere eskuma indartsuagaz min egiten asmatu zuen. Aurkariekiko alde nabarmena mantendu zuten jokoan zehar (10-4, 11-5 eta 12-7), eta zazpi puntuko errentagaz amaitu zuten lehenengo seta: 15 eta 8.
Bigarren seta, ostera, berdinduagoa hasi zuten; horren adierazle dira binako eta launako berdinketak. Hala ere, jokoaren erdialdean bestelako itxura hartu zuen lehiak. Minvielle egoki aritu ziren, baina gailendu ezinik, eta Mendizabalek bere kalitatearen aleren bat edo beste erakutsi zuen. Aurrean, Goikoetxea eta Lekerika eroso eta seguru. Zazpi tanto jarraian egin zituzten (10-4). Zumaiar aurrelariak min egin zien eskumagaz eta errebotean. Bigarren seta sei puntuko aldeagaz amaitu zuten: 15 eta 9.
2. jardunaldia. B multzoko Johan-Lopez eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteen arteko neurketa izango da datorren astelehenean [azaroak 6]. 19:30ean hasiko da partidua, eta 22:30etik aurrera eskainiko dute ETB 1en.