Suteei Aurrea Hartzeko Egunean parte hartzen ari dira Bermeoko ikasleak
Suteen prebentziorako tailerren bitartez, ikasleek prebentzioagaz erlazionatutako ohiturak hartzea bilatzen dute, "euren familietan hezitzaile bilakatu daitezen".
Bermeoko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek, Goiko Plazara bertaratu dira gaur. Bertan, suteen aurrean jarduteko moduari eta lehen sorospenei buruzko oinarrizko ezagutzak eta prestakuntza jasoko dute.
Bermeoko Udalak, Mapfre Fundazioak eta Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesionalak (APTB) antolatu dute ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin eta Bermeoko Gurutze Gorriarekin lankidetzan. Udalaren helburu nagusietakoa da “herritarrak gai garrantzitsu honen gainean sentsibilizatzea eta kontzientziatzea“.
Suteen prebentziorako tailerren bitartez, ikasleek prebentzioagaz erlazionatutako ohiturak hartzea bilatzen dute, “euren familietan hezitzaile bilakatu daitezen”.
Batetik, Mapfre Fundazioak karpa bat jarri du Goiko Plazan. Karparen barruan, sute simulakro bat jasotzen duen zirkuitua dago, partaideek larrialdi egoera baten aurrean zelan erreakzionatu behar duten ikasten dute. Bestetik, suhiltzaileak eta Gurutze Gorriako kideak auto babeserako hainbat ezagutza zabaltzen dabiltza ikasleei. Horrez gain, lehen sorospeneko tailer bat jasotzen dute, eta beste gauza batzuen artean, bihotz-biriketako bizkortzea zelan egiten den ikusi dezakete.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak adierazi du, “ezinbestekoa” dela herriko txikiek suteen aurrean nola jokatu behar duten jakitea: “Heziketa egokiarekin, gure haurrei prest eta seguru egoten lagun diezaiekegu. Suteak saihesteko eta larrialdietan nola jokatu jakiteko, gure gazteenei funtsezko trebetasunak eta ezagutzak ematea da tailer honen helburua”.
Bermeon, suteak itzaltzeko lanetan lehenak iristen izaten dira Herri Babeseko boluntarioak; eurena izaten da lehen erantzuna. 2022an mota guztietako 38 sute itzaltzeko lanetan parte hartu zuten.