Lehenengo sektorea "bultzatzen segitzearen" garrantzia azpimarratu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak
Urriko Azken Astelehenean hainbat erakunde publikoren eta herriko zenbait kirol talderen ordezkariak hartu ditu Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, udaletxean. Besteren artean, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko foru diputatuari eta aurten lehenengoz alkate kargua hartu duten Busturialdeko hainbati oroigarria eman diete. Ondo etorria eta bertaratzeagatik eskerrak emateagaz batera, euren lanagatik zoriondu ditu Gorroñok. Gainera, Extremadurako Alconchel udalerriko alkate Oscar Diaz etorri da, eta hark ere bere herriko bi oroigarri eman dizkio Gernika-Lumoko alkateari.
Gaurko egunaren garrantzia azpimarratu du Gernika-Lumoko alkateak. “Baserritik jaiotako jai bat da hau. Urte osoan zehar, astelehenero, plaza izaten dugu Gernikan; 650 urte baino gehiago daramatza, eta urtean behin egiten dugu gaurko jai handi hau”. Asteleheneroko plaza eskualdeko baserritarren topaleku dela gogora ekarri du: “Busturialdean 20 herri gara, eta, horretaz gain, Lea-Artibaitik eta Mungialdetik eta Arratiatik ere etortzen dira. Beti esaten dut Gernikako plaza harremanak egiteko eta estutzeko bilgunea dela. Horrek gure gizarteari bizi-kalitatea ematen dio”. Izan ere, alkateak esan modura, saltzen diren produktuek “garrantzia handia” badaukate ere, “topaleku izaera hori ere nabarmentzeko” da.
Lehenengo sektorea “bultzatzeko eta indartzeko” lanean segitzeko konpromisoa berretsi du Gorroñok, eta arlo horretan erakunde denen elkarlana beharrezkoa dela zehaztu du.
Bestalde, Gernika-Lumoko Merkatu plaza eraberritzeko esku artean daukaten proiektua hizpide izan du. “Instituzio publikoen artean” berriztatu eta eguneratu behar dela esan du: “Proiektua idatzita daukagu. Merkatu plazak 5.000 metro karratu baino gehiagoko azalera dauka. Astelehenero 250 bat postu egoten dira, eta, gaur egun berezia denez, 300 postu baino gehiago dauzkagu kaleetan, beraz, guztira, 550 postu baino gehiago ditugu gaur, mota askotako produktuekaz. Gernikako merkatuak funtzionatzea denontzat da onuragarria, ez bakarrik Gernikakoentzat”.