Loren Arkotxa Meabebasterretxea 'Arteta': "Australiari zor diot gaur naizena"
Gurasoek nahi ez zuten arren, 17 urtegaz joan zen Australiara. Sei urte egin zituen bertan.
Loren Arkotxa Meabebasterretxea Ondarroan jaio zen Arteta baserrian, 1945. urtean. Txikitatik izan zuen Australiara joateko gogoa; ez zuen arrazoi zehatzik, baina joateko grina sentitzen zuen; gainera, anaia-arrebak ere joanak ziren. «Eskolan mapamundia geneukan, eta han ikusten nuen Australia. Ahalik eta arinen joan nahi nuen. 17 urtegaz joan nintzen. Gurasoek ez zuten nahi. Familia bertan izateak beti laguntzen eta babesten du», dio Arkotxak.
1962an joan zen. Balanzategi jaunak sinatu zizkion paperak, eta anaiek ordaindu zioten bidaia. Hegazkinez joan zen. «Madriletik atera nintzenean, paper bat ipini zidaten paparrean; nire identifikazioa. Huraxe irakurri eta bideratzen ninduten. Townsvillera heldu eta ez neukan inor zain», gogoratzen du.
Arkotxak ez zekien ingelesik, frantses apur bat, ordea, bai; eta horri esker komunikatu zen aireportuan eta lortu zuen Inghamera heltzea. Bertara anaiak joan zitzaizkion, eta eurekin joan zen kanpetxera. Arreba zen hango sukaldaria.
Lehenengo eguna, krudela
Heldu eta hurrengo egunean, arrebak eraman zuen solora. Dena egiten zitzaion berezia, usaina, paisaia, beroa… «‘Ipini kapela’–esan zidan arrebak; Neuk kapela? ‘Eskatuko duzu’– esan zidan. Eskatu nuen bai. Eguzkiak jo, ha zen beroa, gero eta beroago, eskuak erreta, apurtuta, babaz beteta… lehen eguna krudela izan zen, krudela». Kaina ebaten jardun zuen Ighamen. «Anaia bi, koinatua eta laurok ibiltzen ginen. Tonako ordaintzen zuten, eta aurretik egiten zen tratua. Ayrren erregadioa zegoen, baina Inghamen ez».
Sekulako beldurra sugeei
Kaina ebaten, kargetan eta plantazioan ibili zen. Ordukoak ditu oroitzapenik ederrenak! Gustura aritzen zen, baina arazo bat zuen: beldur izugarria zien sugeei eta kaina arteko patariei.
Egun baten, errekak ur asko zekarren batean, zer edo zer ikusten zen uretan. Arkotxak pentsatu zuen egurren bat izango zela, baina sugea zen, hilda. «‘Eztok hori ikusten!’–esan zidan anaiak; ni, egurra zelakoan. Dios!!! Sugea! Orduantxe etxerako bidea izan banu oinez etortzeko, atzera nentorren», esan du barrezka.
Kaina sasoia amaitu eta bestelako beharretan ibili zen, igeltsero lanetan anaiagaz Inghamen, Traralgon herrian basoan, Camberran porlan fabrikan, Mount Isan eta Bird Townen Joe Goikoetxearen eraikuntza enpresan.
Herri kiroletan, trebea
Zapatu arratsaldeetan herrira joaten ziren. Garagardoa edan, kontuak esan eta lagunekin egotera. Trebonnera ere joaten ziren, eta pilotan jokatzen zuten.
Arkotxa gizon sendoa eta indartsua zen, eta herri kiroletan ere parte hartu zuen: sokatiran, harri-jasotzen… desafioak, apustuak egiten zituzten. «Gehienetan Central Hotelean elkartzen ginen. Dantzaldia ere egoten zen, eta halako jai giroa sortzen zen… Kirol apustuetan ere parte hartu nuen».
Denetara sei urte egin zituen Australian, 1962tik 1968ra bitartean. Oso esperientzia onuragarria izan zela aitortzen du eta bizitzarako behar duen guztia hantxe ikasi zuela. «Australiari zor diot gaur naizena», dio Arkotxak, hunkituta.
Ondarroan bizi da.