'Intxaurra' antzezlana eskainiko dute Morgako frontoian
Nafarroako Mairu Antzerki Tailerraren eskutik, Intxaurra antzezlana izango da zapatuan [urriak 28], 20:00etan hasita, Morgako Andra Mari frontoian.
Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du obrak, “gainerako adarrek ere osasuntsu iraun” dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertzen dira istorioan barrena.
2021eko Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen lanak, eta iazko azaroaren 18an, estreinatu zuten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Uemak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko helburuarekin sustatutako Arnasa Gara kanpainaren barneko beka da.
Mairu Antzerki Tailerreko kideek euren antzezlanetan komunitateari eragiten dioten gaiak lantzen dituzte, tradiziotik elikatuz. 1998ko udazkenean, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Antzerki eta Gorputz Adierazpena ikastaroa antolatu zuen Lesakan, eta, gero, ikastaro horretatik sortu zuten Mairu Antzerki Tailerra. Sorreratik, hiru helburu nagusi hauek dauzkate taldean: euskaraz antzerkia egitea, antzerkiaren arlo desberdinetan sakontzea eta inguruan antzerki adierazpenen presentzia hedatzea eta sustatzea.
Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta berak azaldu bezala, Intxaurra sortzeko arnasguneen gaiak antzerki taldean zer eragiten duen izan zuten abiapuntu: zein kezka, zalantza, oroitzapen, irudi, hitz, ideia, metafora… eta osagai horiekin guztiekin ondu zuten istorioa. Haren berbetan, “hunkitzeko, irri egiteko eta hausnartzeko” lana da.
Sinopsia: Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza du. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan.
Lantaldea:
- Zuzendaritza: MAIRU (Manex Fuchsen laguntzarekin).
- Testua: Gaizka Sarasola.
- Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola.
- Argi diseinua: Andoni Mendizabal.
- Soinu diseinua: Ibai Gogortza.
- Musika: Ibai Gogorza eta Gaizka Sarasola.
- Eszenografia eta atrezzoa: Adrian Labadie eta Eduardo Conde.
- Jantziak: Marodi Sorkuntzak.
- Kartela: Garazi Conde.
- Argazkiak: Gotzone Rekondo.