"Astelehentxutxun gureTXUgu"
Eguraldiaren arabera, zapatuan, Merkatu Plazan edo Astra ondoko aparkalekuan batuko dira eguneko egitarauaz gozatzeko.
Urriko Azken Astelehena egun berezia izaten da Gernika-Lumo eta inguruko herritarrentzat, eta aurreko zapatuak ere horietako askoren arreta pizten du, batez ere, gazteena. Hain zuzen ere, kuadrilla desberdinetako gazteak komunikatzeko eguna dute Astelehentxutxu, eta askok egutegietan gorriz markatuta daukaten eguna ere bada. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera: “Astelehentxutxun gureTXUgu”.
Azaldu dutenez, euren ulerkerara, prozesua da garrantzitsuena, hori baita, “benetan gazteak komunikatzen diren momentua”. Modu horretara, euren espazioetatik kanpo harremantzeko balio die Astelehentxutxu antolatzeko prozesuak. “Oso ondo” pasatzen dutela diote, “harremantzeko leku eta espazio polita” dela aipatuta; “jende berria ezagutzeko eta ideiak elkarbanatzeko balio du, baita ere domeka ezberdinak pasatzeko”.
Goizetik gauerako egitaraua antolatzeko lanen atzean, bi hilabete inguru daudela diote: “Gauzak pentsatzen beti informalki arinago hasi arren, irailerako martxan egoten gara”.
Astelehentxutxu gazteen parte hartzeagaz lotzen bada ere, animatzen den edonorentzako eguna dela zehaztu dute antolatzaileek: “Egia da belaunaldi asko daudela, COVIDen eraginez, ez dutela aurreko Txutxu ezagutzen, eta gazte gaztetxoak animatuko direla ziur gaude. Baina, gazte helduagoak animatzea ere gustatuko litzaiguke”.
Eguraldiari begira egongo dira aurten. Eguneko egitaraua egiteko bi leku dituzte aukeran; euria baldin bada, ohi legez, Merkatu Plazan batuko dira, baina eguraldi onagaz, Astra ondoko aparkalekuan.
12:00etan zabalduko dute paellak prestatzeko gunea, nahiz eta 10:00etatik aurrera izena eman daitekeen. Parte hartzaileek 20 euroko fiantza ordaindu beharko dute, eta diru hori bueltatu egingo diete, “bazkaltzeko gunea garbi dagoela ziurtatu ondoren”. Iaz, 57 paella aurkeztu eta ia 700 lagun elkartu ziren Astelehentxutxun. Aurten ere antzerako kopurua espero dute.
Bertaratutakoek bingo musikatua, mus eta briska txapelketak eta Beer Pong txapelketa izango dituzte bazkalostea girotzeko. Ondoren, berriro ere martxa hartzeko, 19:00etan, Pasilekura mugituko dira poteo girotuari hasiera emateko.
Gauez, Mikosis, The Uski’s eta Gorriontxu eta Laztana arduratuko dira jai giroa bermatzeaz; kontzertuak Astrako aparkalekuan izango dira. Antolatzaileek uste dute The Uski’s taldearen itzulera “eskualdearentzako garrantzitsua” dela: “The Uski’s entzuten hasi ginen asko eta askok ez dugu aukerarik eduki gaztaro kontzientean horiek entzuteko. Orduan, ilusio berezia egiten digu The Uski’s Astelehentxutxun egotea”. Egunari amaiera borobila emateko, Gorriontxu eta Laztana “ahalik eta girorik politena” jartzen saiatuko dira.
Espazioagaz traba handiena. Gernika-Lumoko Udalean dauden alderdi politiko edo zinegotzien arabera, “erraztasunak” aldatzen direla diote, nahiz eta brigadakoek izaten duten aldez aurretiko jarrera “ona” izaten den nabarmendu: “Iazkoagaz alderatuta, aurten hobeto joan da, nahiz eta ez diguten eman gura genukeen erraztasun guztiak”. Espazioagaz lotuta izaten dituzte trabarik handienak: “Merkatu Plaza nahiz eta leku handia den, ez da lekurik egokiena. Egia da, Urriko Azken Astelehenera begirako prestaketa lanekin ibiltzen direla. Pasileku espazio egokia izango litzateke Astelehentxutxurako, baina azokarako kasetekin beteta egoten da. Iaz, hala ere, alternatiba modura Astrako aparkalekua atera zen ideia modura. Leku erosoa da, eta herriagaz eta ostalaritzagaz ondo lotuta dago. Orduan, aurten ere, horregaz jokatuko dugu eguraldiaren arabera”.
EGITARAUA
- 10:00. Infogunea zabaldu.
- 12:00. Prestaketa gunea zabaldu.
- 14:30. Paellak aurkeztu eta jateko gunea zabaldu.
- 15:30. Sari banaketa ekitaldia.
- 16:00. Bingo musikatua.
- 16:30. Mus, briska eta Beer Pong txapelketak.
- 19:00. Poteo girotua, Pasilekutik.
- 22:00. Kontzertuak: Mikosis, The Uski’s eta Gorriontxu eta Laztana.