Zabalik dago Bermeoko sarrerako bide berdearen tarte berria
Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak esan du "obra bat baino zerbait gehiago" osatu dutela: "Bistan dagoenak ispilurik ez du behar".
Bederatzi hilabeteko lanen ostean, gaur [urriak 25] zabaldu dute Bermeoko erdigunea eta Mundakaraino iristen den bidegorria lotzen dituen bide berdearen tarte berria; 500 metroko oinezkoentzako bidea da.
Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak esan du, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan, “konektagarritasuna hobetuko” duela ibilbide berriak, “mugikortasun jasangarriari bultzada handia emanez”. Gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak ia bi milioi euroko inbertsioa egin du lanotan: “Zalantzarik barik, emisioak murrizten lagunduko duen inbertsioa da, inguru honetan mugikortasun geldoa sustatuko du, eta 2030 Agendan ezarritako helburuak betetzen lagunduko du”.
Aldasorok esan du “obra bat baino zerbait gehiago” osatu dutela: “Bistan dagoenak ispilurik ez du behar”. Haren iritziz “funtsezkoa” da horrelako bide berdeak sortzea, “are gehiago Urdaibai bezalako espazio babestu eta estrategikoetan”. Aipatu du, gaur zabaldutako tarteagaz, 40 kilometro direla oinezkoei zuzenduta daudenak: “Helburua da oinezkoen konexioa ahalbidetzea, eta intereseko lekuetara bisita egiteko aukera emango duen ibilbide sarea osatzea”. Modu horretara, Urdaibaiko ondare kulturalari eta naturalari, turismo baliabide izaera eta balioa emateaz gain, “joan-etorriak bideratu ahalko dira natura-inguruneari eragozpenik sortu barik”.
Sailburuordeagaz batera, Bermeoko udal ordezkariak, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria eta Nicolas Garcia-Borreguero Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendaria izan dira oinezkoentzako ibilbidea egiten lehenengoak. Txibitxiagako begiratoki berrian ere egin zuten geldialdia; izan ere, aisialdirako gune bat kokatu dute bertan.
Esku-hartze honen bidez, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen diete Tonpoiko naturgunean jadanik eginda dauden lanei. Azken hori, gogorarazi dutenez, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan biltzen den jarduera bat da, eta esku-hartze horrekin ingurumen-balio handiko eremua lehengoratu da.