Julene Gregorio gautegiz arteagarraren lana, Ertibil erakusketan
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako 41. Ertibil Bizkaia Ikusizko Arteen erakusketan Bizkaian lan egin eta bizi diren hamazortzi artistaren lanak daude ikusgai. Bilboko Rekalde Aretoan inauguratu zuten, eta, orain, Getxoko Punta Begoñako galerietan bisitatu daiteke azaroaren 5era arte.
Gautegiz-Arteagako Julene Gregorio Uriarteren obra urdin bizi eta okreen degradazio sotiletan esmaltatutako buztin erregogorrez egindako piezek osatzen dute, bisitaria tximinia eta sutegiekin argitzen ziren Erdi Aroko gaztelu zahar hotz eta ilunetara daramatenak.
Jon Ander Garcia santurtziarrak irabazi du lehenengo saria, Sufin lanagaz. Horretan, zenbait oihalen zatiek artistaren interpretazio figuratibo bereizgarriak osatzen dituzte, dinamismoak ematen dituztenak, itzal eta argi eremuak sortzen dituztenak, irudi piktoriko tradizionalaren lautasunari aurre eginez.
Maider Aldasororen Shirt off nere back lanak jaso du bigarren saria. Obra hori Aldasorok soldatzeko eta soldadurak eskaintzen dizkion aukerak ikertzeko duen nahitik sortu zen. Burdinazko xafla gaineko soldadura-teknikarekin egina, pieza handia da tamainari dagokionez, astuna, ebakiak eta landutako erreminta mekanikoen aztarnak dituena. Era berean, bertan irudikatutako marrazkia oso arina eta delikatua da.
Hirugarren saria, berriz, Ibai Madariaga arkitekto mallabiarrak eta Miel Oyarzabal artista plastiko durangarrak eskuratu dute. Industria-materialak eta ohiko tresnak erabiliz, arau eta ohituretatik ihes egiten dute. Adibidez, arotzerian, ekonomia material izugarriarekin garatzeko, eskultura sortzen dute, espazioa sotilki okupatzen duen eskultura, eta barruan dituen jolas bolumetriko ugariak deskubritzeko ikuslearen konplizitate bisuala beharrezkoa da.
Aipatutakoez gain, sortzaile berri hauen lanak daude erakusketan: Imanol Abad & Imanol Exposito, Daniel Alegrete, Izaskun Araluzea, Alejandro Gonzalez, Leire Lacunza, Ibon Landa Idoia Leache, Claudia Rebeca, Julen Martin, Lugha Mathews, Estela Miguel, Javier Ozcoidi, Ander Sagastiberri eta Amaia Santamaria.
Erakusketa ibiltaria. Ertibil erakusketa Bizkaiko lau udalerritan ikusi ahalko da urtarrilera bitartean. Getxotik Sestaoko erakusketa aretora lekualdatuko dute, eta bertan egongo da azaroaren 6tik 17ra. Ostean, Balmasedako Horcasitas Jauregian izango, azaroaren 20tik abenduaren 17ra. Azkenik, Barakaldoko udal erakusketa aretoan ipiniko dute, abenduaren 18tik 2024ko urtarrilaren 5era.
1983an sortu zutenetik, Bizkaian sormen-lana egiten duten artista berriei laguntzea eta horien obrak sustatzea du helburu Ertibilek. Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak esan bezala, Ertibilek “Bizkaiko gaitasuna, talentua, artea eta etorkizuna” irudikatzen ditu: “41 edizioko ibilbidearekin, Ertibil erreferente bihurtu da arte bisualen esparruan, sortzaile gazteen espektro artistikoaren alderdi berritzaileena eta sortzaileena hartu du, eta arte garaikidea eskuragarriago egiteko aukera eman digu”.