Ingurune osasuntsua denen artean ereiten
Gym Berdea proiektua lantzen ari dira Ean. Herritar guztie zuzendutako saioez gain, Haizeder Eskolako komunitateari bideratutako saioak ere egiten dituzte, eta, besteak beste, eskolaren inguruko espazio berdean ortua eta lorategia sortu dituzte.
Ingurumena zaindu eta errespetatzearen kontzientziagaz, herrietan eta hirietan hainbat proiektu jorratzen dituzte Gym Berdean. 90eko hamarkadan Erresuma Batuan sortutako egitasmoak urte batzuetako ibilbidea egin du Euskal Herrian ere. Bat egin duten udalerrietako bat da Ea.
“Aire zabaleko” gimnasioa da Gym Berdea, osasuna sustatzeko gunea; lorezaintza ekologikoan oinarrituta, inguruak edertzen eta hobetzen dituzte. Besteak beste, ortuak eta lorategiak sortzen eta basoak lehengoratzen dituzte. “Erresuma Batuan 1996tik daukate martxan Gym Berdeen proiektua”, azaldu du Keko Alonso biologo eta Besaiako kideak. Hango ereduari jarraituz, Euskal Herrira egokituta ari dira garatzen hainbat udalerritan. 2016an Larrabetzun garatu zuten proiektu pilotua, eta, bertan zortzigarren urtea bete dute: “Euskal gizartera egokitu genuen, apur bat desberdina da, baina hangoa hona zabaldu genuenez, izena mantentzea erabaki genuen”.
Keko Alonso (Gym Berdea Ean): “Erresuma Batuan 1996an ipini zuten martxan Gym Berdeen proiektua”
Udalerrietan taldeak sortu eta dinamikak ezartzen dituzte, auzolanean oinarrituta, eta aipatu bezala, ortuetan, lorategietan eta basoan lan egiten dute. Tokian tokiko bizilagunak batzeaz gain, batzuetan, interesa daukaten inguruko herrietako bizilagunak ere hurbiltzen zaizkie.
Ean, iazko bi hilabeteko proiektu pilotuaren ostean, orain, urtebeteko proiektua daukate esku artean. Proiektuak bi ardatz ditu: Gym Berdea Eskolan, eskola komunitatera bideratutakoa, eta Gym Berdea Herrian, herritar denei zuzendutakoa. “Gure proiektuak urtebetekoak badira ere, negu partean etenaldi bat egiten dugu; izan ere, eguraldian baldintzatzen du gure zeregina. Normalean, neguan, euriagatik lurra lantzea neketsuagoa da eta argi-ordu gutxiago dago”. Otsailean hasi, eta azarora arte aritzen dira, eta udan ere hilabete eta erdi bateko etenaldia edukitzen dute.
Urtean zehar hainbat saio egiten dituzte, eta, esate baterako, auzolanean behar egiteko hitzordua eduki zuten zapatuan. Urtubiagako Burdinolaren inguruetan aritu ziren 11 bat lagun, eta ezarritako helburua bete zuten: “Auzolan horretan mendi edo baso tarte bat zabaldu dugu, eta gure asmoa da hurrengo auzolanetan tarte gehiago egokitzea. Bertatik pasatzeko moduan uzteko garbitu genuen”.
Bestalde, Gym Berdea Eskolan diseinatu eta garatu dute aurten; eskolaren inguruan eraztun berdea diseinatzen eta egiten aritu dira, eta ortua eta lorategia sortu dituzte: “Eskolaren inguruan espazio berde eta perimetrala sortu dugu, eraztun laurdena da. Espazio horretan espazio txikiagoak sortzea da ideia, talde desberdinak aldi berean lan egiten egon daitezen, alkar molestatu barik. Belardian urtean mozketa bakarra egiten dugu, eta mendi magala denez, bertoko basoaren txapela egin diogu”.
Azarokoa izango da Gym Berdea Ean-en aurtengo azkenengo saioa. Bedaronan elkartuko dira, bolatokiaren azpian lorategia amaitu behar dute-eta: “Udan hasi ginen. Bertan badago aurretik haren ardura hartuta zeukan emakume talde bat, eta batik bat, udaberri partean txukuntzen aritzen dira. Eurekin egin genuen saiora guk eroan genituen landareak eta ezponda bat egiteko gauzak. Normalean inguru hori sasiz beteta egoten zen, eta beirate bategaz bereizita dagoenez, esku-hartze polita eginez gero, bolatoki kanpotik zein barrutik ederra geratuko da”. Azaroko hirugarren astean izango dituzte azkenengo saioak Ean, Berriatuan eta Larrabetzun.
Keko Alonso (Gym Berdea Ean): “Gym Berdearen helburuetako bat da herritarren arteko sinergiak sortzea”
Proiektuaren helburuetako bat “auzo denetan esku-hartzeak” egitea dela azpimarratu du Alonsok: Natxituan eskolaren inguruan daukate esku-hartzea, Angelutxun latsarri batean aritzeko asmoa daukate, Ean ere jardinerak eta hainbat lan-eremu dituzte… Hain zuzen ere, herri izaera lantzeko ere tresna baliagarria dela zehaztu du: “Horretan ere eragin gura dugu, hori da sustatu gura dugun alorretako bat”. Gero eta jende gehiagok egitasmoagaz bat egitea, parte hartzea gura dute, eta auzoetako bizilagunen artean harremanak bultzatzea eta sendotzea: “Udalerrian herritarrak elkartzeko dinamikak badaude, baina auzoetan banatuta aritzeko ohitura dago; Gym Berdearen helburuetako bat da herritarren arteko sinergiak sortzea, Natxituakoak Bedaronara joatea, eta, alderantziz…” Hurrengo ikasturterako harreman horiek estutze eta parte hartze horretan sakondu gura dute, hori da erronketako bat.