Euskal presoen auziari konponbidea emateko giltza hartu dute eragile politiko, kultural eta sozial ugarik
Dagoeneko, 150 lagunetik gora sinatu dute 'Konponbiderako Giltzak' manifestua. Urtarrilaren 13an Bilboko kaleak giltzez betetzeko deia egin dute.
Giltza. Sarraila. Zuloa. Atea. Zabaldu-zarratu. Ateak zabaldu eta zarratzeko balio du giltzak; “aurrera egiten dugu, edo atzean geratzen gara, gotorturik”. Sarek gaur [urriak 21] Gernika-Lumon egindako ekitaldian esan duenez, “giltza zertarako da gakoa”. Hala, gaur bertan, dinamika berria aurkeztu du Sare Herritarrak: Konponbiderako Giltzak.
Sare Herritarrak eta politika, gizarte eta kultura arloko dozenaka aurpegi ezagunek euskal presoen afera konpontzeko beharra adierazi dute gaur, Elai Alai aretoan egindako ekitaldian, eta bertaratutako guztiek konponbiderako giltzak hartu dituzte. Manifestua aurkeztu dute, eta, orain, Euskal Herri osora salto egingo du; herri, auzo, elkarte eta norbanako guztien esku uzten dute manifestua, gura duten guztiek beraien atxikipena eman diezaioten; giltzak.sare.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Manifestuaren sinatzaileen artean daude Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, ETAren, GALen eta torturaren hainbat biktima, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa eta Euskal Herriko eragile ugaritako kideak. Dagoeneko, 150 lagunetik gora sinatu dute manifestua.
Bego Atxa eta Joseba Azkarragak gaur esan dutenez, Konponbiderako giltzak “gu geuk eta guztiok izan behar ditgu”. Uste dute giltza euskal gizarteak izan behar duela, “bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, preso horiek beren etxeetara nola itzultzen diren erabakiko duen partaide nagusia”. Salbuespenei amaiera eman gura zaie, “eta espetxe-politika arrunta aplikatuta, etxera itzultzeko bidea zabaltzen joan, kasu askotan 25 urte baino gehiagoko askatasun-gabetzearen ondoren”.
“Eskubideez” ari direla diote: “Giza Eskubideez ari gara, eta, horregatik ere, kontuan hartu behar ditugu biktimak. Haien mina ikusten dugula, sentitzen dugula eta haiekin partekatu nahi dugula esan nahi diegu. Gauza askok ez zuten gertatu behar izan, baina horien aurrean giza eskubideen gure defentsa berretsi nahi dugu, eta giza eskubide guztien gure defentsa ulertzen saiatu daitezela. Demokrazia batean preso dauden pertsonek zigorrak eskubideekin betetzeko bidea dute, eta horiek ezagutzen ez badira, demokrazia bera ukatzea da. Beren eskubideak aitortzea eta sustatzea ez doa biktimen aurka. Presoen eta biktimen aurkakotasun hori falazia bat da, eta politikaren muturreko ikuspegi bat errotzea lortu du, bizikidetza normalizatuaren garaian jada posible ez dena. Biktimen mina ulertzen dugu, nola ez dugu ulertuko! Gure helburu bakarra euskal presoen oinarrizko eskubideak defendatzea da, bestelako helburu eta planteamendu politikorik barik”.
“Konponbiderako prest” daudela adierazi dute.: “Konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko prest gaude, lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz. Ahaleginak egingo ditugu ate hauek lehenbailehen ireki daitezen eta, horrela, herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun”.
Euskal gizarteari dei egin diote, konponbidearen mesedetan kaleak giltzez bete daitezen. Hala, datorren urtarrilaren 13an, Bilboko kaleak betetzeko deia egin dute, “gure herriko bizikidetzaren alde aurrera egiten jarraitzeko”.
2014tik. Gogora ekarri dutenez, 2014ko ekainaren 15ean herritarren proiektu hau martxan jarri zutenean, “funtsezko bi oinarrirekin” egin zutela: “Batetik, euskal presoek jasaten duten eskubide urraketari amaiera emateko helburuagaz; eta, bestetik, indarkeria guztien biktima guztien errespetu, babes eta elkartasun beharrarekin bat egitearekin”.
Bazekiten bidea “ez zela erraza izango”, baina ez zuten espero ETAren jarduerak amaitu eta hamabi urtera, bost urte, desagertu zenetik, bi premisa horiek “konpondu barik” egongo zirenik: “Oraindik ere Fiskaltzak eta auzitegiek, Auzitegi Nazionalak zehazki, urrun jarraitzen dute espetxe-politika justu batek lortu beharko lituzken helburuetatik. Orain da etapa berri hau hasteko unea. Zaila, korapilatsua, baina gure elkarbizitzan aurrera egiteko funtsezkoa izango delakoan gaude”.
Uste dute “ez duela inolako justifikaziorik” salbuespenezko politika juridikoak bere horretan jarraitzea. Hortaz, “konpromiso irmoa” eskatzen diete eragile politiko, sindikal eta sozialei, “espetxeetan oraindik pairatzen den salbuespenezko egoera horri amaiera emateko”.