'Koplariak koplari' saioa Gernikan, trikitia eta kopla zaharrak uztartuz
Agus Barandiaran eta Xabier Amurizak emanaldia eskainiko dute.
Ahozko tradizio eta literaturagaz lotuta, ikus-entzuleek kopla tradizionalak ezagutuko dituzte bihar [urriak 21], 19:00etan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan: Agus Barandiaran Korrontzi taldeko trikitilariak eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak Koplariak koplari ikuskizuna eskainiko dute.
Amurizak azken hamarkadetan batu eta sortutako koplak Agus Barandiaranen trikiti doinuekin uztartuko dituzte. Erreserbak 94-625 54 51 telefonora deituz, euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz edo ondareabizkaia.eus webgunean egin behar dira.
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, hainbat ekintzaz busti da Busturialdea. Ondare inmateriala osatzen duten bost eremuetako hainbat ekitaldirekin gozatzeko aukera egon da hilabete osoan: ahozko tradizioak eta adierazpenak, ikuskizunen arteak, gizarte erabilerak, erritualak eta jaiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta erabilerak, eta artisautza teknika tradizionalak.