Gym Berdea saioan auzolanean batuko dira Ean
Gym Berdearen saioa izango da bihar [urriak 21], Ean. 10:30ean Olako basoan elkartu, eta auzolanean gunea garbituko dute.
Saio horretarako eskularruak eroateko esan dute, eta aitzurrak eta sasiak garbitzeko makinak dituztenei horiek eroateko. Beheko bidea udal mendiekaz lotzea eta mendi horretik ibilerraztasuna lortzea dituzte helburu, eta horretarako hainbat saio egingo dituzte. Gym Berdearen sustatzaileek parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Iaz proiektu pilotua. Iazko irailaren amaieran aurkeztu zuten Gym Berdearen proiektua Eako Eskolondon, eta bi hilabeteko proiektu pilotua garatu zuten. “Proba modura bi hilabete egin genituen, eta, aurten, urteko proiektua hasi dugu”, azaldu du Keko Alonso biologo eta Besaiako kideak. Hain zuzen ere, Ean dinamika bikotza daukate; alde batetik, eskola komunitateari begirako saioak egiten dituzte–Gym Berdea Eskolan–, eta, beste alde batetik, herritar denei zabaldutakoak–Gym Berdea Herrian–.
Gym Berdea Herrian-en barruan, hilean deialdi bat egingo dute, eta biharkoa da lehenengo saioa. Urtubiagako Burdinolaren inguruan ibiliko dira. “Handik hurbil dago lehengoratu genuen basoa, eta biak nolabait lotu gura ditugu. Eatik oinez ibilbide ederra dago Urtubiagako Burdinolara, eta asmoa da basoa ibilbide horregaz lotzea”. Ibilbide zirkularra osatu gura dute.
Haizeder Eskolan. Gym Berdea Eskolan hilean hiru astetan batzen dira, eta astean egun batez bi ordu eta erdiko saioak egiten dituzte. Haizeder Eskolako umeak eta irakasleak batzeaz gain, familiei zuzendutako saioak dira: gurasoak, aitite-amamak… “Komunitario izaera horren barruan, gure asmoa da belaunaldiarteko topagunea izatea”. Gaur gaurkoz, ortua, fruta-arbolen espazioa eta belardia dauzkate. Alonso da Gym Berdea Eskolaren monitorea, eta nabarmendu duenez, “gero eta familia gehiago animatzen ari dira”.