Fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko
Hamarkada beteko ibilbidea eginda, '10 urte bete-bete' lemapean dator Errigora. Gaur hasi dute udazkeneko kanpaina, eta hastapenetan bezala, 50 euroko saski bakarra osatu dute. Eskariak azaroaren 9ra arte egin daitezke.
Natxi Aranburu Errigoraren presidentearen berbetan, bete-beteak izan dira 10 urtetan bildutako lorpenak eta osatutako komunitatea: “Bete-bete sentiarazten gaitu Errigorak, parte garen izateak. Komunitatea betetzen, emozionatzen, duten balioak direlako”. Inoizko beteena izango da udazkeneko kanpaina, eta argazki bete-betea berrosatuko dute: “Errigoraren argazki erraldoia, bete-betea, (ber)osatu dezagun. Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko”.
Zubigintza, pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea, ekintza, hitzetan baino egiten dutenean “sinisgarritasuna aurkitzea”, eta ahalduntzea, txikitasunetik “amets handia eskuratzeko gaitasuna “badaukatela ikustea dira Errigoraren zutabe nagusietako batzuk.
Hastapenetakoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dute, originala, biribila eta biderkatzailea, “inoiz baino gehiago” banatzeko asmoz. Eskariak azaroaren 9 bitartean egin daitezke. Beraz, zakua inoiz baino gehiago betetzea da asmoa, eta 50 euro horietatik %25 Argia (Tutera) Erentzun (Biana) Ibaialde (Lodosa), Ager eremuko Aek, D ereduko lerroetara eta Agerraldia ekimenak bideratuko dute.
Gogoratu dute webguneak eskaintzen duela eskaerak jasotzeko “bide eraginkorrena eta sinpleena”. Era berean, anpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daitezke eskaerak, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez.
Ekoizleak. 23 ekoizleren bederatzi produktu ekologiko eta konbentzionalez beteta daude saskiak. Hauek dira ekoizleak: Ablitasgo kooperatiba, El Alcaravan (Argedas), El Agricultor (Lerin), Aristu (Irunberri), Axuribeltz (Iturgoien), Azanza (Abartzuza), Azpea (Irunberri), Biosasun (Discastillo), La casa del aceite (Cascante), Bardea (San Isidro del Pinar), La Churta (Allo), Ebrón (San Adrian), Enara (Arroitz), El Escolar (San Adrian), Gobeiaberri (Lodosa), Hazialdeko (hainbat herri), Iturri (Arroitz), Lezaun (Lakar), Martinelli (Beriain), Mendiko (Oibar), El Molinero (Arroitz), Monasterio de Cascante eta Urrutia (Uxue).
Ibon Ollo Aristu upategiko ekoizleak nabarmendu bezala, Errigora Balioak zigiludunak dira saskietako poduktu guzti-guztiak: “Bertako lehengaiez ekoiztuak; nekazariekiko harreman bidezkoaz jasoak; Gure ekoiztetxeetako euskara planen parte direnak eta gure eskuak auzolanetan aritu direla ziurtatzen dutenak”. Hamar urteoan ekoizleen familia nola ugaldu den bizi izan dute, “ugaldu eta heldu”. Bost ekoizlerekin hasi eta 23 ekoizletako taldea osatzeaz gain, taldean konpromiso konpartituak hartu eta bete dituzte, eta Errigora Balioak baratzeratzeko pausuak eman dituzte.
Mila Kintana ohiko saski eskatzaileak kontatu du 2013ko udazkenean Errigoraren saskiak nobedade modura iritsi zirela milaka kontsumitzaileeren etxeetara: “Argazkietan eta hainbat erakus-mahaitan egurrezko arrain kutxatan ikusi genituen lehenengoz. Geroztik urteroko ohitura da hainbatentzat”.
Ibai Sueskun Agerraldiako kideak azpimarratu duenez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari egindako “ezinbesteko ekarpena” agerikoa da, eta Ager eremuko euskalgintzarentzako “behar-beharrezko hauspoa” da hamargarrenez abiatutako Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina. Ikastolen eta AEKren biziraupena bermatzeko eta hezkuntza-sare publikoan D ereduari ateak zabaltzeko 1.800.000 eurorekin bete dute zonaldeko euskalgintzaren diru-kutxa: “Eta, horrez gain, zonaldeko ekimen euskaltzaleen dispertsioak, zulo beltz batek bezala, ahalegin guztiak irentsi ez ditzan, Agerreko euskaltzaleen indarrak batu eta bideratuko dituen tresna erditu dugu: Agerraldia”.
2013ko urrian Iruñeko Nabarreria plazako Zabaldi Elkartasun Etxeanegindako agerraldian egitasmoaren asmoak aurkezteagaz batera, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egin zuten. “Oraindik ez ginen ezer; Errigora asmo-sorta baino ez zen”.
Hilabete beranduago, baina, asmoak egitate bihurtuta zituzten; Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko eta zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko helburua zeukan egitasmo hura “jende mordoa harritu zuen ekimen freskoa zen ordurako”. Errigorakoek esan bezala, “ez da magia kontua”. Ibilbide luzeko herrigintzako beternaoen eta gazteagoen artean lantalde txiki bat osatu, eta harremana harremanari lotuz, “sare zahar-berritua” irudikatu zuten: “Eta saskia eskatu genuen 8.000tik gora lagunek egin genuen ordura arte eginkizun zena. Gurpila jiraka hasi zen”.
Horrela, eskuz esku, kanpainak joan kanpainak etorri, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin 130.000tik gora saski bete dituzte: “Errigoraren komunitatearen argazkia betez joan da ekimenera batu garen boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin. Errigorakide guztiok gauzatu eta itxuratu dugu Errigora ,eta urteez, saskiez, zakuez eta argazkiez gain, gutariko bakoitzaren gogoa bete da ilusioz eta paparra harrotasunez. Izan ere, herrigintzan “giltzarri bihurtu” den proiektu baten parte diren heinen, “proiektua bera ere euren parte sentitzen” dute.
Ekoizle eta kontsumitzaile guztiez gain, auzolanean dabiltzanak eta aritu diren denak batu nahi dituzte, urteren batean herriz herri kanpaina egin izan dutenak, Ablitasen, eta, aurretik, Gizaburuagan saskiak osatzen ibilitakoak, diru-ekarpena jaso duten ikastola, euskaltegi eta eskoletako komunitateetako kideak, bidelagun izan dituztenak… Eta, nola ez, Errigorak oraindik izenik ere ez zuenean proiektua asmatzen aritu ziren herrigintzako militante nekaezinak.