Gautegiz Arteaga "eraldaketa une garrantzitsuan" dagoela azpimarratu du Patrik Saitua alkateak
Sarbideak berrantolatzeko eta herriko zeharbide nagusiko trafikoa arintzeko egiten ari diren lanez gain, herriko plaza birmoldatzeko lanak ere laster hastea espero dute.
Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak zehaztu du udalerriko proiekturik “garrantzitsuenetako bat” gauzatzeko lanean jarraitzen dutela: “Herriko Plaza gune irisgarri eta lagunkoi bihurtzea lehentasunezkoa da udalerrian egiten diren aisialdiko eta kulturako jarduerak indartzeko”. Azken osoko bilkuran (urriaren 3an), aho batez onartu zuten Herriko Plaza birmoldatzeko eta berrurbanizatzeko obren proiektua: “Obra hori lehiaketara aterako da datozen hilabeteetan”.
Alkateak azaldu duenez, Gautegiz Arteaga herri “irisgarri, jasangarri eta bizi-kalitate onekoa” bihurtzea da udalaren helburu estrategikoetako bat, eta, alde horretatik, “funtsezkoa” da herriko plaza berritzea. “Gautegiz Arteaga eraldaketa une garrantzitsuan dago. Momentu honetan, sarbideak berrantolatzeko eta herriko zeharbide nagusiko trafikoa arintzeko obrak egiten ari gara: bi biribilgune berri daude eta espaloi berriak, irisgarriak eta seguruak. Eta herria eraldatzeko beste proiektu garrantzitsu baten lekukoa hartuko dugu: gure herriko plaza berritzea. Aurreko legegintzalditik datorren proiektua da, guk berriro ekingo diogu, eta moldaketa batzuk egin ondoren, lehiaketara aterako dugu gauzatzeko”.
Eman beharreko hurrengo pausoa aurrekontua proiektu horretara egokitzea dela zehaztu du, eta, hori egin ostean, onartutako birmoldaketak kontuan hartuta, obrak gauzatzeko lehiaketarako baldintza-agiria prestatu eta lizitatuko dute. Hala, Saituak gogoratu du parte hartze zabalagaz aukeratutako proiektua dela: “Enpresak bere gain hartuko du 2021ean herritarren, herri-epaimahaiaren eta epaimahai profesionalaren parte-hartzeagaz hainbat proposamenen artean aukeratu zen erreforma-proiektua martxan jartzea. Proiektu honek garrantzi handiko planteamentua eta estetika zaindua batzen ditu, funtzionaltasuna, irisgarritasuna eta edertasuna eskutik helduta”.
Frontoia. Herriko Plazan kokatuta, frontoia aisialdirako eta kirolerako funtsezko kirol-gunea da udalerrian, eta haren erabilera “bultzatzeko, hobetzeko eta dinamizatzeko helburuagaz” segurtasun-sarea jarri dute: “Publikoak arrisku barik pilota eta pala partidez gozatzeko aukera dauka. Izan ere, Lea Ibarra Pilota Alkarteak antolatutako pilotari federatuen pala torneoaz eta esku-pilota partiduez goza dezakete pilotazale guztiek zapatuetan”. Halaber, azpimarratu dute frontoia “erabilera anitzeko” gunea ere badela; besteak beste, espazio handiak behar dituzten ikastaroak ematen dituzte bertan, esaterako, dantza bertikaleko prestakuntza-ikastaroa, udalerriko udal-ikastaroen eskaintza osoari gehituko zaiona.
Bestalde, jakinarazi dutenez, herri kirolekiko konpromisoari eutsiz, Sustabiz Fundazioagaz bat egiten du Gautegiz Arteagak. Sustabiz irabazi-asmo bako erakundea da, eta bertoko kirolak, herri kirolak, Euskal Pilota eta Arraunketa sustatzen ditu.