Eskola-jantokietan tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzearen onuren eredu
Jangurie mugimendua eta Allende Salazar Ikastetxeko jantokiko proiektua ezagutu dituzte Rafael Escudero Kontsumo Ministerioko Kontsumoko Estatu idazkariak eta Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak. Elikadura osasuntsu eta jasangarriaren aldeko apustua egitearen garrantzia nabarmendu dute.
Dabid Zelaia Allende Salazar Guraso Elkarteko presidente eta Jangurie mugimenduko kidearen eskutik, Allende Salazar Ikastetxeko jantokiko proiektua eta Jangurie ezagutu zituzten Rafael Escudero Kontsumo Ministerioko Kontsumoko Estatu idazkari eta Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziako presidenteak eta Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak atzo arratsaldean [urriak 18].
Eskola-jantokietan tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa sustatzeari buruzko gogoetak partekatu zituzten bisitan. Escuderoren berbetan, eskola-elikadura osasuntsua eta jasangarria gauzatu daitekeenaren “adibide bikaina” da Allende Salazarreko proiektu pilotua. Kontsumo Ministerioan lantzen dabiltzan ildo programatikoekin eta politikoekin “guztiz bat datorren proiektua” dela uste du. “Eraginkortausun nahikoagaz bateratzen ditu osasuna eta jasangarritasuna, hau da, kontsumo osasuntsua eta kontsumo jasangarria. Nutrizio osasuntsua eta jasangarritasuna batera joan beharreko elementuak dira”.
Rafael Escudero (Kontsumoko Estatu Idazkaria): “Ministerioan landu ditugun ildoekin guztiz bat datorren proiektua da”
Europako eta nazioarteko gomendioen bidetik, elikadura osasuntsua eta jasangarritasuna eskutik heldutik joan beharrekoak direla argi daukate: “Ministerioan hasieratik uste izan dugu nutrizio osasuntsua ezin dela bereizi jasangarritik”. Gaineratu zuen halako proiektuek daukaten beste “abantaila handi bat” dela enpresa txikien, familia-enpresen, kooperatiben, ekoizle txikien elkarteen… garapen ekonomikoan laguntzen dutela, hau da, tokikoa, hurbilekoa eta ekologikoa den horri laguntzen diotela, alegia: “Eta hori da trantsizio ekologikoak eskatzen diguna”.
Sareak. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak eskola-proiektu horrek ikasleengan eta familiengan dakartzan onurez gain, eskualdearen garapenean eragiten dituenak nabarmendu zituen: “Zonaldeko landa-eremuko baserritarren eta arrantzaleen garapena ahalbidetzen du, eta baita lehenengo sektorearen artean zein kontsumitzaileen, gurasoen zein beste eragileen artean lankidetza-sareak sortzea ere”. Bere iritziz, halako proiektuak lantzea “beti da onuragarria” eskualdearentzat.
Ikastetxeek euren sukaldeak eduki eta bertan janariak prestatzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta berretsi zuen eskola-jantokietatik “gauza asko lantzen” ari direla. Besteren artean, bertoko produktuak jasangarriak izatea eta landa-eremuan lehenengo sektorea bultzatzen dute, eta baita umeen osasuna, “bere osotasunean” ere. Umetatik bertoko elikadura jasotzea “osasuntsuagoa dela erakusten” dutela zehaztu zuen: “Elikadura osasuntsuak gaixotasun asko prebenitzen ditu, eta, Jangurie mugimenduan eta Allende Salazarreko proiektu pilotuan ikusten da bertoko produktuak eskoletan sartzea, umeen eguneroko elikaduran txertatzea baino haratago doan ekimena dela”.
Isa Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkidea): “Ikastetxeetako jantokiak funtsezko zerbitzuak dira hezkuntza sisteman”
Azaldu zuenez, elikadura osasuntsu eta jasangarriaren aldeko apustua eginez, irizpide hori legebiltzarrean lantzen ari diren legeetan txertatzeko behar egin dute legegintzaldi honetan, bai Osasun Publikoaren Legean, bai Ume eta Nerabeen Legean, bai Hezkuntza Legean. Bere talde parlamentarioarentzat, “oso garrantzitsua” da Allende Salazarreko eta Jangurie bezalako programak eta dinamikak erakustea. “Umeen elikadura beharrezkoa eta oso garrantzitsua da, eta hori eskoletako jantokietan ikusten da. Ikastetxeetako jantokiak funtsezko zerbitzuak dira hezkuntza sisteman, oinarrizko zerbitzuak dira; desberdintasunak murrizten laguntzen du, eta, batez ere, umetatik elikadura osasuntsuaren kultura ahalbidetzen du. Hori defendatzen dugu, eta hori defendatuko dugu”.
Zelaiak euren proiektua ezagutzera emateko egindako urratsa eskertu zien, eta txikitasunetik ekinda, asko lortu daitekeenaren adibide dela gogoratu zuen. 2016an sortu zuten Allende Salazar Ikastetxeko jantokiko proiektua: “2016an proiektu hau abiatu genuenetik, gure eskualdean eragin handia eduki du. Allende Salazar Ikastetxean zazpi urte hauetan 1.600.000 euro gastatu ditugu bertoko elikagaietan, eta nekazarien baldintzak hobetzen lagundu duela ukaezina da”. Eragin “handia” eduki du gainontzeko ikastetxeetan, “erreferente” bilakatu dira: “Erreferente izatea baino, halako gauzak posible direla probatu dugu. Ez gaude gauza oso zail bat egiten, bakarrik bertoko produktuak gure seme-alabei ematen ari gara”. Hain gauza sinplea ematen duen horrek, “atzetik eragin oso handia” daukala azpimarratu dute.
Dabid Zelaia (Allende Salazar Guraso Elkartea eta Jangurie mugimendua): “Gurea bezalako proiektuen hedapena errazteko eskatzen diogu Jaurlaritzari”
Araudia aldatzeko eskaria. Hainbat ikastetxek elkarlanean sortu zuten Jangurie mugimendua, eta beste hezkuntza zentro batzuk ere, apurka-apurka, bide horri heldu diote: “Beti ere, itunpeko zentroak izan dira bide hori hartu dutenak. Horiek ahal izan dute, publikoek ezin diote gure ereduari jarraitu”. Hain zuzen ere, araudia aldatzea beharrezkoa dela nabarmendu du: “Jangurietik eta Allende Salazar Ikastetxetik beste behin ikastetxeetako jantokietako araudia aldatzeko deia egiten dugu, eta hurbileko proiektu mota hauek erraztea, zalantzarik gabeko onurak baitituzte. Gurea proiektu pilotua da, eta, Eusko Jaurlaritzako eskatuko diogu bai onura sozialengatik, bai osasun aldetik dauzkan onura guztiengatik, bai lehenengo sektorean dauzkan onurengatik, erraztu dezala gurea bezalako proiektuen hedapena, aldatu dezatela araudia. Hori aspalditik esaten ari gara”.