Umeei eta gaztetxoei zuzendutako 'Goazen jolastera' programa sortu dute Gautegiz Arteagan
Herrian "alternatiba ludiko bat" eskaintzeko asmoz, umeentzako ludoteka zerbitzua eta tailerrak izango dituzte urriaren 28an hasi eta martxora bitarteko zenbait zapatutan.
Gautegiz Arteagako udal gobernuarentzat “kultura sustatzea da agintaldi honetako lehentasunezko ardatzetako bat, eta kultur eta aisialdi eskaintza “interesgarria” osatzeko konpromisoaren bidetik, udalak eta Aretxederreta Kultur Etxeak 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Goazen jolastera dinamizazio-programa diseinatu dute. Programa horren helburua da herrian “alternatiba ludiko bat eskaintzea”, eta, horretarako, urritik martxora bitarteko hainbat zapatuetarako programazio bikoitza aurkeztu dute: 3-6 urte bitartekoentzako ludoteka eta 6-12 urte bitartekoentzako tailerrak: “Goazen Jolastera programa 2020tik 2011ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dago”.
Leku mugatuak izango direnez, udalerrian erroldatutako umeek “erabateko lehentasuna” daukate. “Guztira 20 leku aurreikusi dira, bi programatan banatuta: Ludoteka programa, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat (2020 eta 2017 artean jaiotakoak); eta Tailerrak programa, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat (2017 eta 2011 urteen bitartean jaiotakoak).
Horiek urritik martxora bitarteko zenbait zapatutan eskainiko dituzte; urriaren 28an hasiko dira, eta honakoak dira aurreikusitako gainontzeko egunak: azaroaren 11n eta 25ean, abenduaren 2an eta 16an, urtarrilaren 13an eta 27an, otsailaren 10ean eta 24an eta martxoaren 9an eta 23an.
Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak adierazi duenez, “herriko familia guztien parte hartzea errazteko” doako eskaintza izatea erabaki dute, eta aisialdirako eskaintza honetaz gozatzera hurbiltzera animatu ditu: “Udako eguraldiaren luzapen antzeko batez gozatzen ari gara. Gautegiz Arteagan parkeak dauzkagu, naturaz inguratuta gaude, itsasoa pauso batera dago, eta, beraz, aisialdiaz gozatzea erraza eta atsegina da. Baina laster negu giroan egongo gara, eta udaletik herrian denbora libreaz gozatzeko alternatibak eman gura dizkiegu txikiei. Euria eta hotza egin arren, egunero herrian bizi gehiago egotea gura dugu, eta, horretarako, familiei arreta eskaintzea eta euren arteko harreman soziokulturalak erraztea garrantzitsua dela uste dugu. Hau lortzeko bide bat haurren aisialdia dinamizatzeko programa bat izatea da, herria zapatuetako plan on bat izatea”. Gogoratu du eskupilota eta pala partiden programa ere badirela udalerrian, eta biak osagarriak direla.
Izen ematea. Doako ekimena bada ere, lekua erreserbatzeko herritarrek aurretiz izena eman behar daute, eta, horretarako, inprimaki bat bete beharko dute ( hemen esteka ). Urriaren 23ra arteko epea dago izena emateko.
Hazian Kultur Elkartearen bidez kudeatuko dituzte ludoteka eta tailerrak, eta, beraz, informazio gehiago jaso gura dutenek hazian@hazian.eus helbide elektronikora mezua idatzi edo 94-424 58 42 eta 688 75 57 89 telefono zenbakietara deitu dezaketela azaldu dute.
Aisialdi hezitzailearen alorretik, esku-hartze giza-kulturalaren aldeko prozesu ezberdinak “modu eraginkor eta profesionalean” garatzen ditu Hazian Kultur Elkarteak, eta kultura, hezkuntza eta esku hartze programa eta proiektu ezberdinen kudeaketan eta dinamizazioan eskarmentu handia daukate, eta arlo horretan dauden “gabeziak arintzen saiatzea” dute helburu.