Marrazoek Bizkaiko Golkoan duten portaera ulertzeko proiektua gidatzen dabil Azti
14 ale monitorizatzen ari dira, eta datuak 2024ko otsaila eta abuztua bitartean jasoko dituzte.
Marrazoek Bizkaiko Golkoan duten portaera ulertzeko funtsezko proiektu baten buru da Azti zentro teknologikoa, “espezie horiek eta itsas ekosistema oro babesteko”.
Azaldu dutenez, askotariko itsas ekosistema dago Bizkaiko Golkoan, eta marrazoek, batez ere, marrazo urdinek (tindategia) eta mako marrazoek, “eginkizun erabakigarria” dute. Espezie horiek, baina, giza jarduerekin batera daude –arrantzarekin eta turismoa–, eta gura ez diren elkarreraginak sortu daitezkeela diote, “ekosistemaren jasangarritasuna aldatzen laguntzen dutenak”. Modu horretara, giza jarduera horien eta Bizkaiko Golkorako “ezinbestekoak” diren itsas espezieen arteko “bizikidetza harmoniatsua” sustatzeko, Aztik marrazoak markatzeko proiektu bategaz hasi da 2023an. Aipatu proiektuaren helburu nagusia da marrazo horien portaeraereduak eta migrazioak aztertzea. “Garrantzitsua da marrazoen kokapenaren eta denboraldiaren lehentasunak ulertzea. Horrek aukera emango du espezie horien arrantza-hilkortasuna murrizteko kudeaketa-neurriak garatzeko”, esan du Aztiko ikertzaile Maite Erauskin-Extramianak.
2024ko otsaila eta abuztua bitartean espero dute informazioa jasotzea, “marrazo horien mugimenduei eta portaerari buruzko datu erabakigarriekin”
Ikertzaileak teknika desberdinak erabiltzen ari dira: ohiko markak (identifikatzeko plastiko-zatiak) eta satelite marka sofistikatuak, denbora tarte jakin baten ondoren sateliteetara datuak bildu eta igortzen dituztenak. Hala, hamalau tindategi monitorizatzen ari dira (7 eme eta 7 ar). Horietako bostek satelite marka aurreratuenak dituztela aipatu dute.
2024ko otsaila eta abuztua bitartean espero dute informazioa jasotzea, “marrazo horien mugimenduei eta portaerari buruzko datu erabakigarriekin”. Horrek, era berean, marrazo urdinaren eta mako marrazoaren behin-behineko arrantzaren eragina murrizteko berariazko kudeaketa neurriak garatzea ahalbidetuko duela nabarmendu dute. Marrazoak “kontu handiz” markatzen direla jakitera eman gura izan dute, “haien ongizatea eta biziraupena bermatzeko eta datu zientifiko baliotsuak lortzeko; jatorria, helmuga eta migrazio ibilbidea”.
Ozeanoetako marrazo populazioa murrizteak “gero eta kezka handiagoa” sortzen duela diote, “arrantzaren zaurgarritasuna eta gehiegizko ustiapena direla eta”
Ekimenak Europako Batasuneko Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren laguntza eta finantzaketa du, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, baita eskualde honetan interesa duten zenbait alderdiren laguntza ere, hala nola, kirol-arrantzarekin, arrantza profesionalarekin eta marrazoak ikuskatzeko enpresekin lotutako eragileak. Bermeotik, esaterako, badago marrazoak ikusteko edota horiekin igerian egiteko irteerak antolatzen dituztenak.
Kezka. Ozeanoetako marrazo populazioa murrizteak “gero eta kezka handiagoa” sortzen duela diote, “arrantzaren zaurgarritasuna eta gehiegizko ustiapena direla eta”. Beste itsas harrapari batzuentzat (atunak, marlinak…) babes-neurriak ezarri diren arren, “marrazoek ez dute arreta maila berdina” izan. Horren ondorioz, gaineratu dute, haien populazioak “nabarmen gutxitu” dira, eta, kasu batzuetan, “marrazo populazio batzuk erabat kolapsatu” dira.
Bizkaiko Golkoan, eta, bereziki, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kostaldean, ale gazte ugari daudela diote Aztitik, “interes bereziko eremua” dela gaineratuta.
“Orain arte urtebeteko proba pilotua izan den arren, 2024. urtearen amaierara arte behintzat jarraitzea aurreikusten da”
Marrazoak markatzea “funtsezko tresna” da ikerketa zientifikorako: “Espezie mehatxatuak babesteko eta itsas baliabideak modu iraunkorrean kudeatzeko balio du. Era berean, itsasoko biodibertsitatea babesten eta etorkizuneko belaunaldiek ozeanoez eta hango faunaz gozatzeko aukera izan dezaten bermatzen laguntzen du”.
Espezie horien presentzia bertoko itsas ekosistemen “osasunaren funtsezko adierazlea” dela aupatu dute: “Orain arte urtebeteko proba pilotua izan den arren, 2024. urtearen amaierara arte behintzat jarraitzea aurreikusten da”.