Irakaspenez betetako asteburua
Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Egunagaz bat eginez, bestelako eskaintzak izan dira Urdaibai Bird Centerren eta Ekoetxea Urdaibain.
Hegazti migratzaileen garrantzia ekologikoan, horiek gainditu beharreko mehatxuetan zein kontserbatzeko nazioarteko lankidetzaren beharrean, haien garrantzi ekologikoan eta aldaketa klimatikoak hegaztiengan duen eraginean sakondu dute, besteak beste, asteburuan.
Beste behin, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Busturiko Ekoetxea Urdaibain Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna emankorra izan da.
Esplorazio, behaketa, ikaskuntza eta sorpresa eguna izan zela azpimarratu dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunek. Ekitaldiz betetako egun “ezin hobea” izan zen, eta Euskal Herriko zein nazioarteko bisitariak bertaratu ziren zentrora.
Domekan [urriak 15] 10:30etan Bird Centerreko behatokian bertan hasi eta paduretatik zehar ibilaldia egin zuten, Urdaibaiko natura eta bertako berreskuratze lanak bertatik bertara ikusiz. “Next Generation proiektuaren esparruan egiten ari garen kontserbazio-lanaren ondorioz, aurten padurak beste itxura bat aurkeztu du gure begien aurrean. Burutzen ari diren berreskuratze lanak ibilaldi gidatuaren ikuspegi izan dira”. Besteak beste, landaredia inbaditzaileen erauzketa, hegaztientzako habitatak lehengoratzeko eta hegazti ugaltzaileentzako babes-hesiak eraikitzeko lanetan ari dira.
Beste bisitari-talde bat, berriz, hegaztien identifikazioan, jarraipen-metodoetan eta habitataren kontserbazioan murgildu zen eraztuntze zientifikoko saioan. Gainera, ezusteko ederra izan zuten; izan ere, “ez ohiko espezie bat” agertu zen. Lezkari arrunt bat eraztundu zuten, garai honetan Afrikako lurretan egon beharko lukeen hegaztia.
Hain zuzen ere, espezie ugariren behaketaz gozatu dute asteburuan. Azaldu dutenez, kontserbazio-lanak direla eta, limo-eremu zabalak daude agerian, eta, Oruetako padurara, limikola-taldeak hurbildu dira txirritxo handiak, kuliska zuriak, istingorrak eta hegaberak ikusi dituzte “paradisu honetaz gozatzen”. Era berean, ustekabeko beste bisitari batek ere denen arreta bereganatu zuen; Txirri pektorala zapatuan Oruetako aintzirara iritsi zen: “Ipar Amerikatik etorritako hegazti limikoloa da, eta ikusteko aukera ezin hobea izan da. Vrouwke, GPSz markatutako mokozabal holandarra ere Urdaibain oso gustura dagoela dirudi, izan ere, egun asko daramatza gurekin. Era berean, mokozabala hegazti enblematikoa da hemen, eta Urdaibai Bird Center-etik Herbehereetako talde batekin lankidetza estuan aritzen gara. Talde horrek espezie horren kontserbazioan lan egiten du, eta jarraipen estua egiten die gure migrazio-ibilbidean zehar migratzen ari diren hegaztiei”.
Bestalde, birziklatutako materialekin txorien janlekuak egiten aritu ziren Ekoetxea Urdaibain, zapatu arratsaldean [urriak 14]. Horrela, “ekonomia zirkularrean murgildu”, eta, bide batez, bertoko inguruneko “biodibertsitateari bultzada” eman zioten. Esperientzia honetan aldaketa klimatikoak hegaztiengan duten eragina ezagutuko zuten. Zentroko arduradunek gogoratu bezala, berotze globalak ekosistemen bizi baldintzak “eraldatzen” ditu, eta aldaketa horiek hegaztiak “beraien portaera aldatzera derrigortzen” ditu, beraien biziraupenerako elikagai nahikoa eta bizi baldintza aproposak dituzten tokiak bilatu ahal izateko.