Burua aurkaririk gogorrena
Wadi Rum basamortuko Ultra X Jordan lasterketatik seigarren postuagaz bueltatu da Julen Urdaibai korrikalaria. Hala eta guztiz ere, sentsazio "gazi-gozoa" dauka. Bermeotarrak ezin du burutik kendu Nepalgo erronka.
Buruaren indarra garrantzitsua omen da, eta hala uste du Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak ere. Jordaniako Ultra X Jordan lasterketan 146 korrikalarigaz lehian aritu da, arerio nagusia oraingoan, baina, bere burua izan dela argi dauka. Hala eta guztiz ere, seigarren postuagaz bueltatu da bermeotarra Jordaniatik.
“Objektiboki ikusita”, 146 korrikalariren artean seigarren geratzea “ez da emaitza txarra” Urdaibairen arabera. Baina, emaitzagaz ere, ez da gustura geratu: “Sentsazio gazi-gozoa daukat. Badakit seigarren postua ez dagoela txarto, baina asmoa gorago egotea zen”.
Lasterketako errendimenduagaz, hala eta guztiz ere, “pozik” dago: “Kilometro guztiak korrika egin ditut, eta lursaila ez zen erraza, oso hareatsua zen. Ondo prestatuta joan naiz, denbora onak egin ditut. Etapa bakoitzean aurreikusita nituen denborak nabarmen murriztu ditut. Alde horretatik pozik nago. Argi dago nire aurretik geratu direnak indartsuagoak izan direla, askok egunero nire aurretik amaitu dute lasterketa. Inoiz ez diot sailkapenari garrantzi handirik eman, ez orain, ez iaz Zirkulu Polar Artikoko Ice Ultra lasterketa irabazi ondoren. Iaz, 30 korrikalarietatik indartsuena izan nintzen, aurten 146tik seigarrena”.
Lehenengo aldiz, “nolabaiteko apatia edo neke mentala” sentitu zuen lasterketa hasi aurretik. Lasterketa osoan izan duen aurkari nagusia, egunero, bere burua izan dela nabarmendu du: “Neure burua eta basamortuaren aurka korrika ibili naiz, beste batzuetan eduki ez dudana”. Horregatik, onartu du ez duela bere ohiko motibazioagaz lehiatu: “Goizero esaten nion neure buruari aurten Nepalen egon behar nuela, agian apur bat gehiago borrokatu behar izan nuela han egoteko”. Hori baita Urdaibaik buruan daukan proiektua, eta aurten atzeratu behar izan duena. Everesteko kanpamentu nagusia eta Nepalgo hiriburu Katmandu lotzea da bermeotarraren ideia, hau da, 353 kilometro korrikan egitea.
“Irakurketa bat egitera eroan nau: Agian basamortuekin nekatuta egongo naiz? Uste dut hori izan daitekeela, eta laino hori izan dut azken lehiaketan buruan”.
Neska ingeles bategaz batera amaitu du lasterketa: “Bosgarren etapan gogor hasi zen, baina harrapatu eta aurre hartu nion. Amaierarantz berak harrapatu ninduen. Hiruzpalau kilometro falta zirela topo egin, eta elkarrekin amaitzea erabaki genuen. Polito egon zen”.
Bitxikeriak ere baditu; bigarren eguna du gogoan. “Lehenengo gauko bazkari liofilizatuak piper mina zeukan, baina jan egin behar nuen; hesteetarako ez zen oso ona izan, eta beheranzkoetan egon nintzen goizez. Bigarren etapa, hesteari eusten egon nintzen. Konturatu naiz, gainera, ezin dudala liofilizatuekin. Neure burua derrigortzen dut, jan beharra daukadalako. Baina laugarren eta bosgarren etapak ia jan barik egin nituen”.
Seigarren basamortua.Wadi Rum basamortua bermeotarrak lehiatu duen seigarren basamortua da: “Irakurketa bat egitera eroan nau: Agian basamortuekin nekatuta egongo naiz? Uste dut hori izan daitekeela, eta laino hori izan dut azken lehiaketan buruan”. Hala eta guztiz ere, Wadi Rum basamortua “oso polita” dela dio, “ikusgarria”, egin duenetatik “politena”. Inguru horretan turismo asko dagoela aipatu du, “taldeak eta familiak” ikusten zirela aipatuta: “Izugarrizko lekua da”.
“Hastapenetara bueltatu gura dut. Orduan, amaitzea zen nire erronka, eta horretara bueltatu gurako nuke”.
Jordaniatik bueltan, atseden hartzen ari da; datorren astean hasiko da berriro entrenamenduekin: “Hamabost egunez geldik egotera derrigortzen dut neure burua, deskonektatu beharra daukat eta buruari atsedena eman”.
Dortsalak alde batera utzita, Nepalgo proiektua berreskuratzea du helburu: “Hastapenetara bueltatu gura dut. Orduan, amaitzea zen nire erronka, eta horretara bueltatu gurako nuke. Horretarako erronka hori suposatzen didaten probak behar ditut, eta Everestekoa bat da. 353 kilometro hiruzpalau egunetan egin gurako nituzke. Gai izango nintzateke? Sentsazio hori bizi gura dut”.
Egitekoen zerrendan Alaskako proba bat ere badauka, Yukonekoa: “600 kilometroko proba da. Hasterakoan esaten dizute bederatzi egun barru helmugan egon behar zarela, gerora, autosufientzian egin beharreko proba bat da, leku zehatz batzuetatik igarota. Norberak kudeatu behar du antolaketa. Zero azpitik 40 gradura arteko tenperatura egoten da, eta arrastaka eroan behar da lera antzeko bat. Ikara apur bat ematen didan proba bakarra da, eta beti uzten dut beste baterako”. Argi dauka ondo prestatu behar duen erronka bat dela. Korrikan barik oinez egitekoa da. Hamabost parte hartzaile inguru egoten dira, baina askok utzi egiten dute.