Ahizpatasunez bete dute plaza
Dantza erakustaldi ederra eskaintzeagaz batera, ahizpatasunari buruzko gogoeta egin, eta aldarrikapenen topaleku izan da Ibarruriko Dantzari Eguna.
Ahizpatasunari gorazarre eginez ospatu dute aurtengo Ibarruriko Ume, Gazte eta Nagusien Dantzari Eguna. Izan ere, dantza erakustaldiaz harago, gogoetak eta aldarikapenak partekatzeko topagunea izaten da urtero; Baso-Txoritxu Dantza Taldekoek urtero gai baten inguruan prestatzen dute euren egun handia, eta aurtengoa, genealogiak ematen duen ahizpatasunean oinarritu dira. “Badago ahizpatasun bat genetikak ematen diguna, baina badago beste bat genealogiak ematen diguna. Genealogia da jaiotzen garenetik hiltzen garenera osatzen dugun geografia humanoa. Guretzat garrantzitsuak diren pertsonak. Batzuk genetikak ipintzen ditu, beste batzuk zorteak eta beste batzuk geuk ekartzen ditugu gure ingurura”, adierazi zuten zapatuko [urriak 14] ekitaldi nagusiaren hasieran.
Ahizpatasuna emakumeen arteko elkartasuna ere bada, sororitatea. Gaur egun, asko entzuten bada ere, gauza berria ez dela gogoratu zuten. Horren adibide bat da atsolorra: “Lehenago, ume bat jaiotzen zenean, auzoko andrak bisitan joaten ziren, eta oilo salda eroaten zioten amari, eta etxean txukuntzen zuten bisitak hartzeko”.
Euskal Herritik Palestinara. Estitxuk Euskal Herriari egindako Agur Maria abestean, berriz, palestinarak izan zituzten gogoan. Israelgo gobernua Palestinan egiten ari den genozidioa salatu zuten: “Palestinarrak euren herritik bidaltzea nahikoa ez, urtero hainbat hiltzea nahikoa ez, kontrolakaz itotzea nahikoa ez, eta, orain, mapatik desagertarazi egin nahi ditu”.
Bertara itzulita, dantza taldeko gaztetxoenek euren bizipozagaz busti zuten frontoia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Minutu bat goizero kantagaz egindako koreografiagaz. “Irria aurpegian zintzilikatzeko” oihu egin nahi izan zuten ozen.
Jarraian, eta eguneko gai nagusira bueltatuta, emakumeak irten ziren plazara. Borobilean eta eskutik helduta, Irradaka dantza eskaini zuten, eta, ostean, “andren beharrak” irudikatu zituzten, eta horiek “beti gutxietsi” direla esan zuten: “Guk ez genuen egundo ikusi aitita plantxan edo eskaratza garbitzen, gure amamek, ostera, baserrian egin zitezkeen behar guztiak egiten zituzten”.
Saretzea aipatu zuten, hori ere ahizpatasuna badelako: “Bermeon zein Ondarroan, Ibarrurin zein Gorozikan, andrak alkartu eta batera behar egin dutenean, sare handiak eraiki dira inor jausi ez dadin. Ez dezagun pentsatu portu bazterretan jesarri eta sareak konpontzen egoten ziren andrek sareak bakarrik josten zituztenik orratzagaz”. Sareak eta sare sozialak josten zituzten.
Ahizpatasuna da bidean lagun ditugunei eusten laguntzea. Bizitza bera ere bide bat da, emakumeentzat bide guztiak “gaitzak” izan direla gogoratu zuten: “Eskolarako bidea, etxerako bidea, elizarako bidea… gure gorputza beti izan da jabego publikokoa, edo, hobeto esanda, gizonezkoen jabegopekoa. Euskal matriarkatua inoiz izan dela esaten dutenentzat galdera: gure gorputza gizonen jabetzan egon bada, zertan eduki dugu guk erabakimena? Hemen ez da matriarkaturik egon. Emakumeoi ardura eta lana eman zaizkigu, baina boterea ukatu. Isilik gura izan gaituzte beti, etxean ahal dela”. Inor ez dela jaio inoren menpeko izateko aldarrikatu zuten.
Emakumearen gorputza tabua izan dela aipatu zuten: “Tabua izan da, gure askatasunerako daukagun armarik handiena delako”. Hala, askatasunak “aurpegi asko” dauzkala adierazi zuten.
Inguratzen zituen munduari “kateak apurtzen” ahalegindu ziren andra askoren alabak eta bilobak batu ziren borobilean, behinola izan zirenaren testigu.
Irradakaren ostean, Xemeingo ezpata-dantzaren txanda izan zen; dantzari egunean lehenengoz egin dute aurten, eta gizon helduenekin batera, gaur egungo dantza taldeko neska-mutil gazteek eskaini zuten. Umeen gurasoen taldea, ostera, “biluztu” egin zen; Neomak taldearen Biluzik kantagaz prestatutako koreografia sentsualagaz giroa bero-bero ipini zuten.
Baso-Txoritxuko gaztetxoenen dantzakaz borobildu zuten ekitaldi nagusia. Taldeko neskek Vivir Quintana mexikarraren Sin miedo kantaren euskarazko Beldur barik bertsiogaz sortutako koreografian indarra eta kemena plazaratu zituzten. Eta, amaitzeko, berriz, Zetak eta Erramun Martikorenarenaren Itzulera kantaren erritmopean, dantza bertikala eta umeen koreografia batu zituzten.
Dantza saioaren ondoren, Zirkotekeren ikuskizunaz gozatu zuten umeek, eta, gero, 120 bat pertsona elkartu ziren herri afarian. Luhartz taldearen erromeriagaz musikatu zuten gaua, eta jai giroa goizaldera arte luzatu zuten.