Uztaren puska, eskutik eskura
10 urte bete-bete eginda dator Errigora. Euskara, elikadura-burujabetza eta auzolana bultzatuz, hamaika bide zeharkatuta, beste horrenbesterako prest dago, herriz herri eta eskuz esku.
Auzolan erraldoia da Errigora, hamar urtetan, sare sendo eta zabala osatu duena. Horren adibide nabarmena da orain dela bi asteko Ablitaseko auzolana. Udazkeneko kanpainarako kaxak prestatzeko, Tuterako merindadeko udalerri horretan batu ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik joandako herritarrak, eta, tartean zeuden, besteren artean, Gernika-Lumotik, Busturitik, Forutik, Eatik, Lekeitiotik, Ondarroatik, Markina-Xemeindik… joandakoak.
Nafarroa, euskara, elikadura-burujabetza, herrigintza… Auzolanean, Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena urtez urte hazi da, eta horren lekukoetako bat da Errigoraren lehendakari Natxi Aranburu natxituarra. 2012an hazia erein zuenetako bat da bera. Tuterako Argia Ikastolaren «egoera ekonomiko larria» zela-eta, hari laguntzeko beharra ikusi zuten: «Talde txiki bategaz harremanetan jarri ziren Argia Ikastolakoak, laguntzeko zer modu zegoen galdetuz. Ikastolen Elkarteak bazeukan Elkartasun Kutxa, eta uste genuen hor kokatu behar genuela larritasun horri erantzuna ematea. Argi geneukan laguntza hori bideratzeko ordura arteko bideak, hau da, errifak, kotxe zozketa etab. agortuta zeudela, edo, behintzat, horretara mugatzea epe laburreko kontua izango zela».
Euskara, elikadura, baserritar txikien premiak, auzolana… «jostea» erabaki zuten, ideia guzti horiek «albaintzen hastea». Inguru horretan «egosi» zuten Errigoraren proiektua. Erriberan nekazaritzan zebilen jendearekin eta eragileekin hartu-emanetan ipini, eta kutxa batzuetan gauzatu zuten hasierako ideia. «2012ko ekaina zen, eta Gabonetan partikularren artean, enpresetan zein entitate batzuetan opariak egiteko ohitura dagoenez, kaxak osatzea pentsatu genuen. Erribera aldeko produktuak sartzea erabaki genuen, hamahiru bat produktu zeuden kutxatan, gaur egungo antzera». Oiartzun, Bilbo eta Gasteizko denda batzuengana jo zuten kaxen prezioa zein izan zitekeen erabakitzeko. 50 euroko salmenta-prezioa adierazi zieten, eta auzolanaren ertzetik abiatuta, kaxak eurek prestatzea erabaki zuten. Lehenengo kaxak Ondarroako portuko egurrezko arrain kaxak zirela gogoratu du Aranburuk: «Lehenengo auzolanean garbitu genituen, Natxituko etxe batean».
16.000 bat euro lortu zituzten Argia Ikastolarentzat, eta, «bigarren fasea hasi zen, Errigoraren fasea». Izan ere, jarraipena «beharrezkoa» zela ikusi zuten: «Beste estrategia batean ipini ginen». Erriberako euskalgintza osoari begirako proiekzioa zeukan proiektua lantzeko beharra ikusi zuten, beste eragile batzuekin: «AEK eta Nafarroa hegoaldeko eskola publikoetan eragiten zuten beste talde batzuekin hastea erabaki zen». Hori izan zen euren ibilbidearen hasiera: «Hori eskualdez eskualde zabaldu behar zen; gu hemen, Lea-Artibain eta Busturialdean abiatu ginen, eta hor jarraitzen dugu hamar urte pasatuta». Saretzea «ezinbestekoa» zen, eta Lea-Artibain, Busturialdean eta Bizkaian zehar euskalgintzan mugitzen ziren eragileen ateak jotzen hasi zirela kontatu du.
Natxi Aranburu (Errigoraren lehendakaria): «Uste dut ertz askokoa izate horrek eragin duela garapena etengabekoa izatea»
Hasieran lau ekoizle ziren, eta 23 dira gaur egun. Aranburuk zehaztu bezala, gaur gaurkoz, Errigorak bi kanpaina dauzka: «Bata, bereziki euskalgintzarako promozioa–bai ekonomikoa bai osterantzekoa– bultzatzen dutenak, hau da, kanpaina honetako kaxak, eta horri deitu zaio Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puska. Eta gero argi geneukan beste zeozer izan behar zela, beste oinarri eta euskarri bat eduki behar zuela, eta hori zen elikadura burujabetzaren ideia. Horren garapena Udaberriko Eskutik eskura kanpainaren bistaratzea izango litzateke. Bertoko kontsumoari begira, eta ohiko bide komertzialetatik kanpora dagoen kanpaina da. Salneurri justuaren ideia dago horren azpian; Nafarroako Erriberaren merkatu naturala Euskal Herria da edo Euskal Herria ere bada».
Herriz herri dauden boluntarioak ere ezinbesteko bidelagun ditu Errigorak. Iratxe Lariz ziortza-bolibartarrak bederatzi bat urte daramatza lan horretan, eta «hasieratik amaiera arte maitasunetik egiten den ekintza bat» legez deskribatu du Errigora, eta jendeari bat egiteko gonbita luzatu dio, «probatzeko».
Berak esan bezala, arrazoi asko eta askotarikoak daude bat egiteko: «Euskal Herrian lanpostu duinak sortzeari bide ematen diolako, euskarari laguntzeko, produktu ona delako, ekoizleei laguntzen diogulako, bertoko ekonomia bultzatzen duelako, balio erantsia duten erosketak kontzientziarekin egitearren…» Eta Errigorarekin «denek irabazten» dutela nabarmendu du: «Produktoreek prezio duinetan saltzen dituzte produktuak, bitartekaririk gabe. Kontsumitzaileok elikagai osasuntsuak, kalitatezkoak eta ekologikoak jasotzen ditugu, produktu oso onak, prezio duinetan. ️Gutako bakoitzaren aukerak euskara zabaltzen laguntzen du Nafarroa hegoaldean. Udazkeneko kanpainak saskien balioaren %25-a, Ikastoletara, Sortzen Ikasbatuaz eta AEK-ra bideratzen du, eta udaberriko kanpaina–olio eta kontserbena– enpresetan euskara planak bultzatzeko eta produktuen etiketatua euskaratzeko baliatzen da».
Ekoizle, laguntzaile, banatzaile, bolondres, kontsumitzaile … Errigoraren komunitatea osatzen duten guztiei «bihotz-bihotzez eskerrak eman» dizkie: «Haziak landatzen dituenetik hasi, ureztatu, uzta jaso, prestatu, banatu, kontsumitu, partekatu… hasieratik bukaerara arte bihotzetik egiten den ekimena. Errigora Euskal Herri mailako maitasun eta elkartasun ekimen zoragarri bat da niretzat».
Iratxe Lariz (Ziortza-Bolibarko boluntarioa): «Euskal Herri mailako maitasun eta elkartasun ekimen zoragarria da»
Egitasmoa aurkeztu zietenean, «bikaina» iruditu zitzailea gogora ekarri du: «Elkar laguntzea, alkartasuna eta euskara sustatzearen filosofia horrekin bat egiten genuelako batu ginen. Pausoz pauso, elkarlanaren bidez, eta maitasunetik egindako behar batetik, fruitu oso politak ematen dituen ekimena da».
Kanpaina hastean, udalerriko etxebizitza denetara bidaltzen dute informazioa, «behintzat jakinaren gainean denak ipintzeko». Bere telefono zenbakia ipintzen du, eta berak bideratzen ditu eskariak: «Jendeak Whatsappera egiten dizkit eskariak».
Banaketa eta dastaketa
Banaketa egunean, Errigorako produktuak dastatzen dituzte, «erosi edo parte hartu dutenei esker on» modura. Orburuak arrautza-irinagaz prestatuta, pipertxoekin, karduak saltzan, olibak, olioa, ardoa… izaten dituzte. Produktuak zein errezeta berriak ezagutzeko aukera edukitzen dute: «Uste dut begietatik, ahotik eta bihotzetik sartzen dela, nik horrela sentitzen dut».
Produktu «zoragarriak» eskuratzen dituzte, eta eskaintza zelan handitu den ere nabarmendu du: «Arrozak, garbantzuak, dilistak, lekaleak, pastak, almendrak… eskaintza zabalagoa da». Dioenez, olioak, zainzuriak, orburuak, piperrak, karduak eta tomate frijitu ekologikoa dira udalerrian «arrakasta» gehien daukatenak, jendeak gehien eskatzen dituenak.
Natxi Aranburu (Errigoraren lehendakaria): «Sakondu dezagun gure balioetan, egunero kontsumitzen ditugun gauzetan ere»
«Hazten doan» ekimena da, eta, normalean, probatzen duenak «erosten segitzen» du. Ziortza-Bolibarren ere hasieran gutxiago zirela gogoratu du, kontsumitzaile kopuruak gora egin du: «Asko hazi gara, gorakada egon da. Euskal Herri mailan izugarrizko potentziala dago. Kostuak gora doaz, poltsikoak ere estututa daude, eta ez da erraza, baina uste bategaz egiten duzu, eta batzuek euren esfortzu eta ahaleginak honaxe bideratzen dituzte. Neurri batean, kontzientziaz egiten duzun erosketa ere bada, denak agian ez, baina askok bai».
Euskalduntzean, elikaduraren burujabetzaren esparruan, herrigintzan… eragiten ari dira, «apurka-apurka eta urtero-urtero», eta horrek «hauspoa» ematen diela dio Aranburuk. Errigora «goranzko joeran» dago, eta bide horri «eusten ari dira herrilanaren bitartez». Hazte hori «etenbakoa» da Euskal Herri mailan zein gure eskualdeetan: «Uste dut helduleku eta ertz askokoa izate horrek eragin duela garapen hori etengabekoa izatea. Proiektu honek hartzaile edo bezero mota oso desberdinak dauzka, eta, esate baterako, produkzio ekologikoan ikaragarrizko buelta eman zaio. Iazko lema Gure balioekin bat izan zen; sakondu dezagun balio horietan egunero kontsumitzen ditugun gauzetan ere».