Urdaibai Bird Centerren lantzen ari diren kontserbazio-proiektua bertatik bertara ezagutu ahalko da Hegazti Migratzaileen Egunean
Beste urte batez, Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna ospatzeko programazio bereziak prestatu dituzte Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Busturiko Ekoetxea Urdaibain.
Hegazti migratzaileak eta haien habitatak kontserbatzeko beharra nabarmentzea helburu duen sentsibilizazio-kanpaina da Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna, eta beste behin, Urdaibai Bird Centerrek eta Ekoetxea sareak bat egin dute. “Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna tresna eraginkorra da hegazti migratzaileek aurre egin behar dieten mehatxuei, haien garrantzi ekologikoari eta horiek kontserbatzeko nazioarteko lankidetzaren beharrari buruzko kontzientziazio globala areagotzen laguntzeko”, adierazi dute Urdaibai Bird Centerren arduradunek.
Urdaibai Bird Center 11:00etatik 19:00etara egongo da zabalik domekan [urriak 15], eta eraztuntze zientifikoaren bi erakustaldi egingo dituzte, bata 10:00etan eta bestea 11:00etan.
Horrez gain, zentroan Next Generation kontserbazio-proiektuaren barruan egiten ari diren ekintzak ezagutzeko ibilaldi gidatua eskainiko dute. 10:30ean irtengo dira Urdaibai Bird Centerretik.
Bi jardueretan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da 699 83 92 02 telefono zenbakira deituta.
Bestalde, egun berezi horretarako jertse berriak kaleratu dituzte, eta domekan zentrora hurbiltzen diren bisitarien artean hiru jertse zozkatuko dituzte.
Bird Centerreko behatokiak hegazti migratzaile askoz gozatzeko aukera eskaintzen duela gogoratu dute: “Hemen dugu guk bereziki maite dugun bat, Muxar, Urdaibain negua igarotzen duen arrano arrantzalea. Gozamena da arrantzan, apaintzen edo erdigunetik gertu dagoen zuhaitz batean lo egiten ikustea. Gainera, hegoalderako bidean mokozabal talde asko ari zaizkigu bisitatzen. Holandako eta Frantziako taldeekin elkarlanean ari gara ale hauen jarraipenean”. Hegaztiak eta haien habitatak babesteko batzen den “komunitate globalaren parte izan” gura dutenei bisitatzeko gonbidapena luzatu diete.
Ekoetxea Urdaibain, ostera, Janlekuak tailerra eskainiko dute zapatuan (urriak 14), 16:30ean, eta parte hartzeko derrigorrezkoa da aurretiaz izena ematea www.ekoetxea.eus webgunean.
Klima aldaketak biodibertsitatearengan duen eraginari buruz kontzientzia hartu eta hegaztientzako janlekuak sortzeko esperientzia proposatu dute antolatzaileek. Izan ere, klima aldaketak hegaztien migrazio eta jokamoldeetan ere eragiten duela gogoratu dute: “Esperientzia honetan aldaketa klimatikoak hegaztiengan duen eragina ezagutuko dugu. Berotze globalak ekosistemen bizi baldintzak eraldatzen ditu, eta aldaketa horiek hegaztiak beraien portaera aldatzera derrigortzen ditu, beraien biziraupenerako elikagai nahikoa eta bizi baldintza aproposak dituzten tokiak bilatu ahal izateko”.
Negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak handitzen jarraituz gero, “desagertzeko arriskuan egongo diren hegazti espezieen kopuruak gora egingo” duela nabarmendu dute: “Dagoeneko gaur egun munduko hegazti espezieen % 10 desagertzeko arriskuan egon daitekeela kalkulatzen da”.
Ura. 2023ko Hegazti Migratzaileen Munduko Egunerako leloa ura da, funtsezkoa gure planetako bizitzarako. Hegazti migratzaile gehienak ekosistema urtarren mende daude beren bizi-zikloetan. Barrualdeko eta kostaldeko hezeguneak, ibaiak, lakuak, errekak eta padurak ezinbestekoak dira habiak egiteko, atseden hartzeko eta edateko, bidaia luzeetan.
Uretako ekosistemak “gero eta mehatxatuagoak” daudela ohartarazi dute Bird Centerreko arduradunek, eta, beraz, baita haien mende dauden hegazti migratzaileak ere: “Giza ur-eskari gero eta handiagoak, kutsadurak eta klima-aldaketak eragin zuzena izaten ari dira ur garbiaren eskuragarritasunean eta hegazti migratzaile askoren kontserbazio-egoeran”.
Urdaibai Bird Centerren Next Generation proiektuaren barruan, Gautegiz Arteagako Oruetako hezegunearen barruan mantentze eta berreskuratze lanetan ari dira: “Gautegiz Arteagako paduren kontserbazio-egoera lehengoratzea eta hobetzea da lanen ardatza”.
Proiektua Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutakoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin batera, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatzen ari da.
Jarduerak egiten ari dira landaredi exotiko inbaditzaileko espezieak desagerrarazteko, hegaztiak elikatzeko, atseden hartzeko eta ugaltzeko uhartetxoak sortu eta hobetzeko, hegaztien ugalketarako hobekuntzak egiteko (Mokozabal eta lertxunen kasu), uhalde enara moduko hegazti babestuentzat ugal-kolonia bat sortzeko, eta horrekin batera marearteko fluxua bermatzen duten munak eta uhateak konpontzeko.
Orueta eta Ozolloko behatokiak erabiltzen dituzten herritarrei eta kameretatik zentroko jarduerak zuzenean jarraitzen dituztenei jakinarazi diete hain beharrezkoak diren lan horiek egunean zehar padurara bertara sartzea eskatzen dutela, eta, beraz, padura erabiltzen ari diren hegaztiak unean-unean urmaeleko edo itsasadarreko beste eremu batzuetara joan daitezkeela, eta lan horiek amaitzen direnean hezegunera bertara itzul daitezkeela.