Muruetako bazterren bila dabiltza udal egutegia osatzeko
Urriaren 31 (martitzena) izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna.
Muruetako Udalak hamabi argazki behar ditu 2024ko udal egutegia osatzeko, horretarako argazki lehiaketa antolatu dute. Aurten ere, herriko bazterrak bila dabiltza, eta hori dute gaitzat: Muruetako Bazterrak.
Udal arduradunek azaldu dutenez, edozeinek parte hartu dezake lehiaketan; adingabeek, hale ere, gurasoen edo tutorearen baimena eduki beharko dute. Antolatzaileek erabakiko dute argazkiak onartu edo ez, “gutxieneko kalitate teknikoa daukaten ala ez aztertu ondoren”.
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki bidali ditzake. Irudiak digitalean bidali beharko dira kultura.murueta@gmail.com posta elektronikora. Parte hartzaileek Muruetako 2024ko Udal Egutegia-Argazki Lehiaketa izenburupean bidali beharko dute mezua, eta parte hartzailearen izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta argazkiaren kokapena jarri beharko dira bertan. Jakitera eman dutenez, ezingo da aurkeztu aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu batean argitaratutako argazkirik, ez paperean ezta Interneten ere. Pertsonak identifikatu daitezkeen argazkietan argazkien egileek haien onespena beharko dute.
Lehiaketan parte hartzeko azken eguna urriaren 31 (martitzena) izango da.
Erakusketa eta luntxa. Epaimahaia hainbat pertsonaz osatuta egongo da, eta horien ardura izango da egutegia antolatzea, lantzea eta editatzea. Hamabi argazki irabazleen egileek lehiaketagaz lotutako oparia jasoko dute. Opariak lehiaketagaz zerikusia edukiko duela zehaztu dute, eta 2024ko Muruetako Udal Egutegian agertuko dira.
Gainera, jasotako argazki guztien erakusketa egingo da parte hartzaileentzako luntx bategaz batera. Oraindik, hala ere, ez dakite zein egunetan izango den, parte hartzaileek abisua jasoko dutela adierazi dute.