Mareak jaialdiak 11 ekitaldi dakartza
Sarrerak ez dira aldez aurretik erosi beharko, ekitaldiaren toki berean erosiko dira egunean bertan.
Mareak jaialdiak kultur ekimenez beteko du Bermeo urriaren 15etik 21era bitartean. Abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen Mareak jaialdiren bederatzigarren aldiak 11 ekitaldi dakartza zazpi egunetarako, eta horietako asko doakoak.
Ohi legez, Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000ak antolatu dute jaialdia, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Urtero modura, hainbat arte diziplinatako ekimenak eskainiko ditu, adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak batzeko helburuagaz; “egitasmo txiki eta ederrez” gozatzeko aukera eskainiko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Agertoki desberdinak aukeratu dituzte aurten ere, mota desberdinetako ekitaldiak egiteko. Hala, Beleza Malandran, Nestor Basterretxea aretoan, Frantziskotarren klaustroan eta Kurtzioko baselizan batuko dira ikusleak.
Sarrerak lekuan bertan. Sarrerak ez dira aurretiaz erosi beharko, ekitaldiaren toki berean erosiko dira egunean bertan, lekuak bete arte.
Antolatzaileek egitarauko bi ekitaldi nabarmendu dituzte. Batetik, urriaren 20an (barikua) Anarik emango duen kontzertu akustikoa: “Euskal Herriko ahots agarrantzitsuenetarikoa da. Gaur egun, bere hitzen balio poetiko eta literarioari erreparatuz, euskal literaturaren panoraman ere leku esanguratsua dauka”. Bestetik, urriaren 21ean (zapatua) Magia Bruta taldeak Kurtzioko baselizan eskainiko duen kontzertua aipatu dute. “Gutxitan zabaltzen da Kurtzioko baseliza, eta Mareak jaialdiak hori zabaltzea lortu du. Garrantzitsua da espazio berriak lortzea”.
Aurkeztu duten egitarauaren atzean urtebeteko lana dagoela diote antolatzaileek, “maitasun, ahalegin eta ilusio” handia jarrita eginda dagoela nabarmenduta. Hala, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Hemen sakatuta ikusi daiteke Mareak Jaialdiaren egitaraua.