Kultur jarduerak eta aisialdikoak "indartzeko" konpromisoari eutsi dio Gautegiz Arteagako Udalak
Umeei zuzendutako jarduerak eskainiko dituzte neguko hainbat zapatutan, eta helduentzako hitzaldiak ere antolatu dituzte. Bestalde, herritarrei udal-informazioa emateko aplikazioa martxan ipiniko dute laster.
Gautegiz Arteagako udal gobernuak kultur eta aisialdi eskaintza “interesgarria” programatzen jarraitzeko konpromisoari eutsi dio, kultura sustatzea baita legegintzaldiko “lehentasunezko ardatzetako bat”. Hortaz, jarduera-egutegi “zabala eta askotarikoa” prestatu dute: “Kultur jardueren programazioa uztailean hasi zen, Martitzen kulturalak ekimenagaz. Arrakastatsua izan zen, eta herritarren jarrera ona ikusita, aurrera jarraituko dugu”.
Umeen aisialdia dinamizatzeko asmoz, neguko hilabeteetarako jarduerak planifikatuko dituzte; azaldu dutenez, zapatu batzuetan izatea aurreikusi dute. Jarduera horiek “entretenitzeaz gain, loturak sendotzeko eta komunidadea sortzeko balioko” dutela azpimarratu dute.
Bestalde, hitzaldien “programazio interesgarria” eskainiko diete helduei. Horietan lehenengoa orain dela bi aste eman zuten; aholkularitza energetikoa eskaini zuten, komunitate energetikoetan sakonduz: “Jende asko erakarri zuen gaia izan zen, eta udalak gai honetan sakontzen jarraituko du”.
Urriaren 20rako, berriz, Antton Gandarias gonbidatu dute. Busturiko Anjel Lekuona gudariaren–bere osaba– gorpuzkiak aurkitzeko egin zuen ikerketa-lana kontatuko du. Lekuona 36ko gerraren ostean Frantzian erbesteratuta egon zen, eta Frantziatik deportatu ondoren, Txekiako Errepublikako Hradistkonen Hirugarren Reicheko kontzentrazio-esparruan preso zegoela, 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten.
Azaroan jorratuko duten gaia, ostera, zahartze aktiboa izango da. Horretarako, Aitor Urrutia zientzia politikoetan doktorea eta zahartzaroan aditua izango dute.
Kultur jarduerak bultzatzeaz gain, turismo jasangarria eta ingurumenarekiko errespetua lortzeko bidean jardutea ere bada udalaren helburu nagusietako bat. Eta turismo-estrategiaren esparruan, udalak “herriko bizi-kalitatea babesteko” neurriak hartu ditu. Udalarentzat jasangarritasunak eta ingurumenarekiko errespetuak zeharkako jarduera-ildoak izan behar dute udal-arlo guztietan”.
Autokarabanentzako aparkalekuaren sarbidea arautuko dute: hesia ipiniko dute eta gehienez 48 orduko egonaldia kontrolatuko dute
Herriaren “potentzial turistiko garrantzitsua Orueta auzoan dagoen autokarabanentzako aparkalekuaren arrakastan” islatzen dela diote, eta ildo horretan, aparkalekurako sarbidea arautuko dute. Hesia jarriko dute, eta plaza-erreserba online ordaindu beharko da: “Sarbide berriari esker, gehienez 48 orduko egonaldia kontrolatu, eta ibilgailuen txandakatzea bermatu ahal izango da”.
Aparkalekuko erabiltzaileentzat zerbitzu berria ezarriko dute; ura hartzeaz eta ur grisak eta ur beltzak husteaz gain, bainugela ipiniko dute.
Karabanek eta autokarabanek herriko aparkaleku publikoetan aparkatzea debekatuta daukatela gogoratu dute, eta hori adierazten duten kartelak jarri dituzte herrian.
Aplikazioa. Bestalde, komunikazio bide zuzena eduki asmoz, udaleko berriak eta jakinarazpenak herritarrei zabaltzeko aplikazioa jarriko dute martxan laster: “Udala herritarrengana modu digitalean ere iristeko aplikazio informatiko bat da”.