Kultur aretoa egokitu du Errigoitiko Udalak
Erabilera anitzeko “gela handi bat” atondu du udalak, Urian, udaletxetik eta tabernatik oso gertu. “Ekitaldi eta jarduera mota desberdinak hartzeko egokitu da, esaterako, hitzaldiak, proiekzioak edo kirol ikastaroak”.

Argazkia: Errigoitiko Udala.
Frank Zubiaga Errigoitiko alkateak azpimarratu du legealdiko “lehentasunezko ardatzetako bat” herritarren bizitza soziokulturala bultzatzea dela, eta gogoratu du urteroko udal-ikastaroak martxan daudela dagoeneko.
Aurreratu duenez, ume eta gazteentzako aisialdi-jarduerak antolatzea aurreikusi dute: “Herrian haur eta gazte kopuru handia dago, 3 eta 17 urte bitarteko 80 pertsona. Gure gobernu-taldearentzat garrantzitsua da geure bizilagunek kultura, jolas eta kirol jardueren eskaintza erakargarria izatea. Errigoiti udalerri bizia izatea gura dugu, komunitate aktiboa eta urte osoan zehar ekimenak eta proposamenak izatea, geure herritarrek Errigoitin bizia egin ahal izateko. Ildo horretan, garrantzitsua izan da Kultur Arteto berria egokitzea”.
Asteburuetarako herriko umeentzako jarduera soziokulturala “dinamizatzeko” eta udalekuetan sortutako loturak “sendotzeko” programazioa prestatzen ari da gobernu-taldea: “Interes handia jarri genuen jarduera dibertigarriz betetako Udalekuak antolatzeko eta, aldi berean, didaktikoak izateko, euskara eta gure ingurunea ardatz hartuta. Helburuetako bat loturak eta harremanak sortzea zen, eta lortu dugula esan dezakegu, herrian zehar, auzoetan jolasten edo bizikletan ibiltzen ikus daitekeen lagun komunitate polit bat sortu da. Horregaitik, gobernu-taldeak biztanleriaren segmentu garrantzitsu horri zuzendutako jarduerak antolatuko ditu, funtsezkoa baita herriaren etorkizunerako”.
2023-2024 ikasturteko udal ikastaroak ere Kultur Aretoan eskaintzen ari dira: pilates, martitzen eta eguenetan, eta Yoga, astelehen eta egueztenetan. “Beste eskaintza garrantzitsu bat Euskara ikastaroa da, eta hori KZ Gunean emango da”.
Hobekuntza eta egokitzeko jarduketak. Bestalde, aisialdiari lotuta, hainbat hobekuntza-lan egitea aurreikusi dute: “Errigoiti aisialdirako eskaintza zabaleko udalerri bihurtzeko estrategiaren ildotik, udala hainbat jarduera egiten ari da udal gune garrantzitsuak hobetzeko eta egokitzeko”.
Alde batetik, Eleizaldeko frontoian ekaitzak eragindako kalte handiak konpontzen “laster hasiko direla” azaldu du alkateak. Estalkia eta sarea konpontzeko 12.000 euroko inbertsioa egingo dute. Halaber, jakinarazi duenez, Olabarri eta Metxika auzoetako “berdeguneak eta espazio publikoak egokitu dituzte”.