Bermeo Baterak gorriz jantzi du herria
Batutako guztia zenbatuta ez badaukate ere, 22.000 euro baino gehiago lortu dituzte; batez ere, gizarte segurantzak estaltzen ez dituen terapietara bideratuko dute dirua.
Gorria da Eutsi Gogor Danok Batera (EGDB) elkartearen kolorea, eta gorria da bermeotarrek asteburuan soinean erabili duten kolorea; Bermeo Batera ekitaldi solidarioak herria gorriz janztea lortu du. Lortu denagaz “ezin sinetsita” daude oraindik Eutsi Gogor Danok Batera elkarteko kideak: “Ezin ditugu eskerrak eman, gutxi delako, ez daukagu berbarik. Ez dakigu hau guzti hau zelan eskertu dezakegun”.

Bermeoko Ziklistek taldeko ordezkariak, Eutsi Gogor Danok Batera elkartea osatzen duten zenbait familia, Bermeoko Udaleko ordezkariak eta Izaskun Bilbao europarlamentaria, domekan jaialdia zarratzeko egindako ekitaldian.
Gaixotasun arraroak ikustaraztea eta Eutsi Gogor Danok Batera elkartearentzako dirua batzea zuen Bermeo Batera ekitaldi solidarioak helburu. Bermeoko Ziklistek taldea da jaialdiaren sustatzailea, eta “izugarri” pozik daude jaialdiak izan duen oihartzunagaz eta herriaren erantzunagaz eta parte hartzeagaz. Inguruko herrietako jendea ere bertaratu da asteburuan. “Familiak pozik daude, eta guztiok irribarre bategaz amaitu genuen jaialdia domekan, beraz, lanak merezi izan du”, diote.
Bermeoko Udalaren aldetik eduki duten laguntza eskertu dute: “Egia da hasieran koordinazio falta apur bat egon zela, baina gero erraztasunak eman dizkigute danetarako”.
Herriko hainbat talde, enpresa eta pertsona inplikatu dituzte, hori guztia koordinatzea “zaila” dela gaineratuta. Hortaz, urtero horrelako bat antolatzea “ia ezinezkoa” dela uste dute, “gauzak ondo egin behar direlako”. Bi urterik behin, baina, posible litzatekeela diote. “Iazko urrian hasi ginen lehenengo batzarrak egiten. Ekainean egin gura genuen Bermeo Batera, baina DalecandELA elkartekoek esan ziguten Gaixotasun Arraroei eta Europako Sare Erreferenteei buruzko Europako Konferentzia Bilbon egingo zela urriaren 10ean eta 11n, hortaz, egoki ikusi genuen aurreko egunetan jaialdia egitea. Eguraldi aldetik apur bat arriskatzea zen, baina dena ondo baino hobeto atera da”.
24 ordutan zortzi bira. Bermeoko Ziklistek taldekoek Bermeo, Gernika-Lumo, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo ibilbidea egin zuten; barikuan 17:00etan abiatu ziren eta zapatuan iritsi ziren ordu berean. Goi-goitik egin zuten irteera, eta harrera ere berdina izan zen, txalo zaparrada artean hartuta. Zortzi bira egin dituzte Roberto Garciak eta Juanra Casillasek, eta momentu guztietan txirrindulariz lagunduta egon ziren; Pello Bilbao txirrindulariak ere zenbait kilometro egin zituen.
Batez ere, zapatuan eta domekan gorri kolorea izan zen nagusi Bermeoko kaleetan. Hori ikustea “izugarria” izan dela diote EGDB elkartekoek; “sinestezina da, oraindik lurreratzen ari gara”. Oraingoan, esker onak “txiki” geratzen direla diote, “eskerrak emateko berbarik ez daukatela” nabarmenduta: “Herriko taldeek egin duten lana nabarmentzekoa eta txalotzekoa da, baina herritar guztien erantzuna ere, ez ahaztekoa da. Olatu gorriak hartu zuen Bermeo asteburuan”.
Oraindik batutako guztia zenbatuta ez badaukate ere, 22.000 euro baino gehiago lortu dituzte: “Uste genuena baino askoz gehiago batu da. Zenbatzen ari ginela ez genuen sinisten, eta behin eta berriz egin behar izan ditugu kontuak. Oraindik baina, gauzak falta ditugu”. Hala eta guztiz ere, asteon www.migranodearena.org webgunearen bidez laguntza ematen jarraitu daiteke.
Parte hartu duen herritar bakoitzak besarkada bat merezi duela diote, “eskerrik asko esatea gutxi delako”.
Zenbateko horregaz tarte baterako “lasai” daude. Gogoratu beharra dago, elkarteak batez ere, gizarte segurantzak estaltzen ez dituen terapiak ordaintzera bideratzen duela dirua: fisioterapia, logopedia, psikologoa… “Beharrizanen arabera izaten da. Kopuru honegaz, agian, orain, beste zerbaitera ere bideratu dezakegu dirua, Bartzelonara egin beharreko bidaiaren bat edo besterako, esaterako. Orain arte ezinezkoak ziren beste gauza batzuk egiteko aukera daukagu”.
Gaixotasun arraroak ikustaraztea zen beste helburuetako bat, eta lortu ere egin dute: “Gaixotasun bat daukan ume baten gurasoak hurbildu zaizkigu asteburuan, eta hitzordua jarri dugu datorren asteburuan batzeko”.
Horregatik guztiagatik, parte hartu duen herritar bakoitzak besarkada bat merezi duela diote, “eskerrik asko esatea gutxi delako”.
San Silbestre. EGDB elkartekoak San Silbestre lasterketa antolatzeko lanetan daude orain. Baimen guztiak lortzen baldin badituzte, abenduaren 31n (domeka) izango dela jakitera eman dute. Hori bai, egun horretarako materiala beharko dutela diote, asteburuan dena saldu dutelako: “Orain arte saldu ezinik eduki ditugun gauzak ere saldu dira, izugarria izan da”.