"Garena eta ginena elkarri segika"
Beste urte batez, jendetza batu da Gernika-Lumoko Euskal Jaian. Lilibertsoko Aitor Etxebarriazarragak bertsotan bota du pregoia, eta Urdaibai Kantagunekoek txupina. Eguerdian, besteak beste, Arratzuko Herri Kirol Taldekoek erakustaldia egin dute.
12:00etan puntuan, Andra Mari elizako kanpai hotsen ostean, irrintzi hotsekin hasi dute Euskal Jaia, eta segituan, Elai Alai Dantzari Taldekoek agurra dantzatu dute.
Foruen plazan elkartuta, hasiera bero bezain melodiatsua izan du aurtengo jaiak. Izan ere, Euskal Herriko hainbat kantuzale talde batzeaz gain, oraingo honetanĀ Lilibertso eskolakoena izan da pregoia botatzearen ardura, eta Lilibertsoren izenean Aitor Etxebarriazarragak bota du pregoia, bertsotan. “Garena eta ginena elkarri segika” doazela gogoratu du, eta “folkloreaz ta zarenaz gozatzera” animatu du Gernika. Hala, “folkloreegira” ez joateko esan du, eta “ezer antzerkira” ez eroateko. Euskal nortasunak euskara oinarri duenez, “denen belarrira” heltzearen garrantzia nabarmendu du, etorkizuna bermatzeko orain eragitearen eta erabiltzearen aldarrikapena eginez: “Gaurko euskal nortasuna eroanda erdira, euskera heldu daiten danon belarrira, ze alperrik da, izanak behar baitau atzera begira, baina izan gaitezan, gaurrak behar dira“.
Jarraian, Urdaibai Kantagunekoek bota dute txupina, eta bertan bildutako ehunka kantuzaleen txanda heldu da. Plazan bertan hainbat kanta eskaini dituzte, eta, ondoren, kantuzaleak kalerik kale ibili dira abesten eta dantzatzen.
Beste urte batez, jendetza erakarri du Euskal Jaiak. Umeek, gazteek zein helduek gozatu dute jai giroan. Eguerdian, Merkurio iturriaren inguruan eta inguruko tabernetan batu da jende gehien, denak ere itzal bila, eta tenperatura altuei eutsiz, asko eta asko eguneko arropa dotoreak soinean ibili dira. 12:30ean Gargantuara igotzeko itxaroten egon da umeen ilara luzea, eta bazkalordura arte umeen joan-etorria etengabekoa izan da. Era berean, taloen txosnan ere ilarak etengabekoak izan dira.
ArratzukoĀ Piratak Herri Kirol Taldekoek 13:00etan hasi dute euren erakustaldia, Artekalen. Aizkoran, fardoa altxatzen, ingude-jasotzen, trontzan, harri-jasotzen, harri-zulatzen… ibili dira; izerdi betean egin dute saioa, publikoaren animo eta txalo artean. Bestalde, Elai Alai Dantzari Taldekoek ere Erregelak dantzatu dituzte, dotore.
15:00etarako, berriz, Merkatu plazara joan dira kantuzaleak zein herritarrak. Indabak eta bakailaoa gozo-gozo jan dituzte, eta bazkalorduan ere kantuan aritu dira. Arratsaldean, berriz, Segundo Olaeta Musika Eskolako koru konboak lagun izango dituzte.
Egun musikatua borobiltzeko, Kalapitakako kideek alaituta kalejiran irtengo dira 19:30ak aldera, Merkatu plazatik, eta gauean, aldiz, erromeria izango da Pasealekuan. Muxutruk taldea gonbidatu dute aurten gaua girotzeko (21:30ean hasiko da).