Eako Udalak eguzki plakak jarri ditu Natxituan eta Bedaronan
Eguzki plaken instalazioak jarri dituzte, eta datozen asteetan energia sarearekin konexioa eta bere kudeaketa martxan jarriko dituzte.
Ea Karbono Neutro 2030 Estrategia proiektuaren barruan, 2021ean Altxikarren 100 kilowatteko energia sortzeko gaitasuna daukan eguzki plaken instalazioa ipini zuten, eta, orain, Natxituan eta Bedaronan instalazio bana izateko lanak egiten ari dira.
“Kooperatibako kontsumitzaileak plaka horiengandik distantzia konkretu batera egon behar dira. Eako plakekin Natxituko eta Bedaronako erabiltzaileek ezin zuten energia hori aprobetxatu, kasu honetan, plakak dibertsifikatuta, Natxituko eta Bedaronako bizilagunak aprobetxatu ahalko dira”, azaldu du Francis Ziloniz Uskola Eako alkateak.
Plaken instalazioa irailaren 21an amaitu zuten, eta hurrengo asteetan energia sarearekin konexioa eta bere kudeaketa martxan jarriko direla jakinarazi dute.
Eraikuntza publikoetara konektatuta daude instalazioak, eta soberakinik izanez gero, sarera bideratuko dela zehaztu du alkateak. Bedaronan txokoaren teilatuan ipini dituzte eguzki plakak, eta Natxituan, berriz, Haizeder Eskolaren alboko lursail batean. Hain zuzen ere, momentuz, lurrean jartzea erabaki dute, eta, gero, eskolan obra egin ondoren, eskolaren teilatura lekualdatzea aurreikusi dute: “Kasu bietan plakak zuzenean konektatuta daude eraikuntza publikoetara, Bedaronan lehenagoko eskoletara, egun txokoa denera, eta Natxituan Haizeder Eskolaren instalazio elektrikora konektatuta dago instalazioa, 50m-ra daude eguzki plakak. Sortzen den energia bi eraikinen kontsumorako da, eta soberakina sarera bidaliko da automatikoki”
Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzak jasoko dituzte. Horretarako, instalazioen obra justifikazioa, epeak eta prestazioak errespetatu direla ziurtatu behar dute, eta, hori aurkeztu ondoren jasoko dituzte diru laguntzak. Natxituko instalazioan 41.976,73 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin dute, eta 20.737,5 (%49,4) euroko diru laguntza jasotzea espero dute, eta, Bedaronan, berriz, 48.398,12 euroko (BEZ barne) kostua izan dute lanek, eta 22.546,25 (%46,6) euroko diru laguntza jasotzea aurreikusi dute.