Amaia Gabantxo bermeotarrak irabazi du Etxepare Itzulpen Saria
'Hezurren erretura' eleberria euskaratik ingelesera itzuli du, eta Parthian Books argitaletxe galestarrak kaleratu du. Itzulpena "kalitate handikoa" izateaz gain, zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen "garrantzia" azpimarratu ditu epaimahaiak.
Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren Hezurren erretura eleberria euskaratik ingelesera itzultzeagatik jaso du saria; Parthian Books argitaletxe galestarrak argitaratu du lana, Burning Bones izenburupean. Amaia Gabantxo itzultzaile bermeotarrak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horren sustapenerako: “Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko”.
Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean izan zen sari-emate ekitaldi atzo [urriak 5].
Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketa horretan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira, eta Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpen lana, eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literaturarekiko interesa nabarmendu ditu epaimahaiak: “Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia”. Era berean, argitaletxe horren euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala ere saritu nahi izan dute, bigarren aldiz Meaberen eleberri bat ingelesez argitaratu baitu. Bi obrez gain, Karmele Jaioren Amaren eskuak ere ingelesez argitaratu du.
Etxepare Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren bederatzigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak sariaren emaitzak duen eragina balioan jarri zuen atzoko ekitaldian: “Gure literaturari mugak zabaldu eta beste kultura eta hizkuntza batzuetan ere gure sormen literarioa eta gure idazleen talentua ezagutarazteko balio du”.
Gabantxo idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da, eta baita zenbait literatura argitalpenetan kolaboratzaile ere, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen-idazkera irakaslea izan da University of East Anglia-n, University of Chicago-n eta School of the Art Institute in Chicago-n. 2018an ere Etxepare Itzulpen Saria jaso zuen Gabriel Arestiren Harri eta Herri eta Maldan Behera-ren itzulpenagatik.
“Lan eskerga” egin du itzultzaile moduan, eta honako lan ezagun hauek ingelesera itzuli ditu: Harkaitz Canoren Twist eta Belarraren ahoa, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Hezurren erretura, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua, Unai Elorriagaren Vredaman, Bernado Axagaren Borrokaria, eta Gabriel Arestiren Harri eta herri eta Maldan behera. Azken urteetan Irlandan, Britainia Handian, eta Estatu Batuetan argitaratu eta jardun du. Bere saiakerak eta fikziozko lanak Words Without Borders, The New Engagement, The Massachusetts Review eta The TLS argitalpenetan agertu dira, besteak beste. “Hainbat sari jaso ditu, bere lanaren kalitatearen aitortza direnak, esate baterako, Wingate beka (2001), OMI Writers Translation Lab saria (2015)”.
Gabantxok 2018an ere irabazi zuen Etxepare Itzulpen Saria
Itzultzaileen lana, lehen lerroan. Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko: “Itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede”.
Sarira aurkezteko baldintza hauek bete behar dituzte itzultzaileek eta argitaletxeek: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2021. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.
Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten duela gogoratu dute arduradunek. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko diru laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta horiek nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du.