Zarrabentako jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan
San Migel jaiak amaituta, Zarrabentako jaien ospakizunak ate joka datoz. Asteburuan mendatarren topagune izango da auzoa. Zapatu arratsaldean, asto probekin hasiko dituzte jaiak, eta domekan txapelketaren sari banaketagaz agurtu.
Imanol Erleagaren (Mendata), Elorduiren (Berango) eta Construcciones Torrontegiren (Gamiz-Fika) arko dema 19:30ean hasiko da, eta, ostean, Jesus Mari Onaindiaren omenez, Jon Onaindia gizon proba saioan ariko da.
22:00etatik aurrera makailua eskainiko dute, eta 22:30ak aldera hasiko da Obieta aita semeen erromeria.
Domekan, 12:30eko meza ostean trikitilariek alaituko dute eguerdiko txikiteoa, eta arratsaldean erabakiko da asto proben txapelketa. Juan Luis Irazola (Mallabia), Arostegi Anaiak (Gatika) eta Salba Erleaga (Arratzu) lehiatuko dira, 18:30etik aurrera.
Sariak. 48. Asto Probaren sari banaketan zazpi sari banatuko dituzte. Txapeldunak 300 euro, manta, garaikurra eta pentsu zakua irabaziko ditu, eta txapeldunordeak 290 euro eta pentsu zakua. Gainontzekoek pentsu zakuak jasoko dituzte, eta hirugarren sailkatutik aurrera hamar euro gutxiago jasoko dute, hurrenez hurren.