Adimen-desgaitasuna daukaten kirolarien liga aurkeztu dute, gaur, Bilbon. Hirugarren urtez lehiatuko dute liga, eta zortzi talde ariko dira, tartean, Gernika KESB. Gainera, Open Day ospatuko dute azaroaren 19an Gernika-Lumon.
Lointek Gernika BBK, Getxo SBT Haszten, Alzola BSK Basauri FSDPV, Fundacion Bilbao Basket Fundazioa, , Barakaldo Basket, OS El Chiringuito Portugalete, Lehoiak Gorabide eta Haszten Saski taldeek lehiatuko dute liga. Hain zuzen ere, sei taldetik zortzira jauzia eman du “sendotzen eta hazten doan” ligak: ” Pandemian, 2021ean, egin zen lehenengoz kontzentrazio moduan, eta aurreko denboraldian 6 taldek jokatu zuten liga formatuan, joan-etorriko neurketekin. Aurten zortzi taldek osatzen dute lehiaketa, ohiko formatuan”, azaldu dute Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren ordezkariek.
Gainera, berrikuntza esanguratsuagaz aurkeztu dute liga; izan ere, azaroaren 19an Gernika-Lumon Open Day ospatuko dute, Maier S. Coop, Gernika KESB eta Haszten taldeen eskutik bat. “Aurtengo berrikuntza bat da Open Day ospatzea; talde guztiak herri berean jokatzean datza, oraingo honetan Gernika izango den egoitza bakar batean”, azaldu du Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidenteak.
Jardunaldi hori “inklusioaren eta kirolaren festa” bati lotuta dago, eta horren sustatzaile nagusia Ajangizko Maier S. Coop da. Koldo Kortabitarte presidenteak azaldu bezala, Maierren 50. urteurreneko ekitaldien eta kooperatiba egiten ari den eraldaketa sozialeko jardueren barruan kokatu dute: “Open Day hori jardunaldi bakarretik haratago doa, inguruko ikastetxeekin elkarlanean aritzeko astea izango da, proiektuari ikusgarritasuna emateko. Azaroaren 19an, partiduez lagunartean gozatu ondoren, bazkari herrikoi bat egingo dugu eta bertan guztiok elkartuko gara. Bazkalostean ekintza ludiko bat izango dugu, eta gero Lointek Gernika Bizkaiaren partidua ikustera joango gara”.
Argazkia: Bizkaiko Saskibaloi Federazioa.
Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioko presidenteak nabarmendu du liga “inklusioaren adibide” dela: “Behar bereziak dituzten pertsonek, kasu honetan adimen-urritasuna dutenek, beren udalerrietan saskibaloian parte hartu eta gozatzeko aukera izan dezaten beharrezkoak diren aldagai guztiak dituelako, beraien taldeak ordezkatuz, eta koloreen alde borrokatuz. Hori inklusio erreala eta eraginkorra da, eta, gainera, pertsona batzuek kirola egin ahal izateko ditugun beharretara egokitua da”. Azaldu du aipatutako zortzi taldeetatik bi soilik daudela Kirol Egokituaren Federaziora atxikita: “Gainerakoak klub konbentzionalak dira”.
Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidenteak esan du datorren denboraldirako hamar edo hamabi partaide izatea espero dutela.
Rural Kutxa da babesle nagusia, eta Iratxe Sainz Rural Kutxako Harreman Instituzionaletarako Bizkaiko arduradunak adierazi du kutxaren ekintza sozialaren ardatzetako bat osasuna eta bizi-kalitatea sustatzea dela: “Eta zer hobeto integrazioa eta jarduera fisiko bat bateratzeko Saskibaloi Liga Egokitu hau baino. Hasieratik ideia berritzaile honen garapenean laguntzeagatik oso pozik gaude”.