Proposamen berrietara zabalik dago Bermeoko Berbalagun
Gazteak Berbalagun egitasmora hurbiltzea gura dutela esan du euskara zinegotzi Iker Bilbaok.
Urriagaz batera martxan jarriko dira Busturialdeko berbalagunak. Bermeon, esaterako, gaur [urriak 3] egin dute ikasturte berriaren aurkezpena, Talan batuta.
Aurreko urteetako dinamikagaz jarraituko dutela azaldu du Bermeoko Berbalaguneko dinamizatzaile Marimar Hernandezek, hau da, talde txikietan batzen jarraituko dute, eta ekintza desberdinak antolatuko dituzte euskaraz mintzatzeko. Hori bai, proposamen berrietara zabalik daudela esan du: “607 60 95 80 telefono zenbakira deituta edo idatzita egin daitezke proposamenak”.
Erraza da! lelopean dator Berbalagunen ikasturte berria. Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek esan du euskara praktikatzeko aukera “paregabea” eskaintzen duela Berbalagun egitasmoak, eta herritar guztiak gonbidatu ditu izena ematera, “lagunartean, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen baititu”. Ikasturte honetan, gainera, erronka modura hartu gura dute gazteen parte hartzea, hau da, gazteak Berbalagun egitasmora hurbiltzea gura dutela dio euskara zinegotziak. Modu horretara, gazteentzat interesgarriak izan daitezkeen ekintzak antolatzeko asmoa agertu dute: tailerrak, mendi ibilbideak… “Gazteen beharrizanak eta gustuak kontuan hartuko dira, aisialdiak ere eskaintza ugari eskaintzen dizkigulako euskaraz egiteko, dakiguna freskatzeko, euskara maila hobetzeko, eta, zelan ez, euskaraz ondo pasatzeko”.
“Parte hartzaileek hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko”
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, hala ere, ikasturteko edozein momentutan egin daitekeela gogorarazi dute. 607 60 95 80 telefono zenbakian, euskaltegietan edo Udalaren Euskara Sailean izena eman daiteke.
“Praktikoa” dela aipatu du dinamizazaitzaileak: “Parte hartzaileek hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko”. Talde txikietan batzen dira berbalagunak, eta ohikoena izaten da astean behin batzea, taldeak erabakitzen duen egunean eta orduan, eta zer egin adosten dute. Hernandezek gogora ekarri du, Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen duela, “aisialdian egiteko egitasmoa baita”.
Txakurrekin joateko taldea. Berbalagun euskaraz berba egin gura dutenen topagunea da, lekua dago ahozko euskara hobetu gura dutenentzako zein euskara ondo dakitenentzako. Aurreko ikasturtean bost talde sortu ziren, eta beste bat dantza errazen ikastarorako. Hernandezek dio taldeak “nahikoa egonkorrak” direla, eta uste duela mantenduko direla, hala eta guztiz ere, jende berria erakartzea dute asmo.
Ikasturtean zehar antolatzen dituzten ekintza osagarrien artean egongo da aurten ere Gurasolagun.
Ikasturte honetan, gainera, txakurrekin paseoan joateko talde bat eratzea dute asmo: “Konturatu gara txakurrei euskaraz egiten zaiela, eta gero ondokoagaz gaztelaniaz aritzen direla jabeak. Taldeetan txakurren jabeak dauzkagu eta proposamen bat izan da”.
Ikasturtean zehar antolatzen dituzten ekintza osagarrien artean egongo da aurten ere Gurasolagun. Helburua da gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko transmizioa indartzea. Gabonak aurretik ekimenen bat antolatzeko asmoa agertu dute.
Busturian eta Gernika-Lumon ere zabalik dago Berbalagun egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea
Beste herrietan. Busturiko Udaleko Euskara Zerbitzuak ere Berbalagun egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu du. 607 60 95 80 telefono zenbakira deituta edo Busturiko Udaleko Euskara Zerbitzura bertaratuta izena eman daiteke.
Gernika-Lumoko berbalagunak ere martxan hastekoak dira, eta dagoeneko badaukate izena emateko aukera, bi modutara egin daitekeela aipatuta: www.gernikaberba.blogspot.com webgnearen bitartez edo emailez gernika_berba@aek.eus-era idatzita.