Busturia eta Txekiako Errepublikako Hradistko udalerriak senidetu egingo dira
Senidetze Batzordea sortuko dute Senidetze Ituna kudeatzeko, eta zenbait arlotan lankidetza proiektuak garatzea sustatuko dutela azaldu dute. Busturiko alkate Aitor Aretxagak senidetzearen garrantzia nabarmendu, eta zehaztu du senidetzeak "memoria historikoa eraikitzen lagunduko diola herriari".
Busturiko Udaletik azpimarratu dute senidetzeagaz “herriaren memoria historikoa berreskuratzeko lanean, beste pauso bat eman” dutela. Bi udalerrietako ordezkariek uste dute bakea eta herrien arteko “harmonia lortzeko eta mantentzeko” zein hainbat herrialdetako hirien arteko “interes komunak lotzeko” bide bat dela senidetzea: “Busturiko Udala bereziki sentsibilizatuta dago geure memoria historikoaren gertakari horregaz, eta iragana berreskuratzeko eta haren garrantziaren alde egiten dugun lanaren esparruan, Txekiako Hradistko hiriagaz Senidetzeko Ituna sinatuko du. Itun hori bi udalerrien artean dauden adiskidetasun eta senidetasun loturetan oinarritzen da, baita bestearen historia alkarren artean ezagutzearen garrantzian ere, Bigarren Mundu Gerran bi udalerrietako biztanleen patuak oso lotuta egon baitziren”.
Gogoratu dute Anjel Lekuona busturiarra Txekiako Errepublikako Hradistko udalerriko kontzentrazio-esparruan preso zegoela 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zutela: “Bi herriak lotuta dagoz historiako gertaera zoritxarrekoen ondorioz, eta, lotura horrek ekarri du gaur egun bi udalerrien arteko senidetzea. Lekuona Gerra Zibilaren ondoren Frantzian erbesteratuta egon zen, eta Frantziatik deportatu ondoren, Hradistkonen Hirugarren Reicheko kontzentrazio-esparruan preso egon zuten”.
Bere errautsak Pragako hilerriko memorialean gorde zituzten, eraildako beste preso batzuenekin batera, errausketa-lantegiko arduradunei esker, haiek gorde eta dokumentatu zituztelako. Halaber, Anton Gandarias Lekuonaren ilobak egindako ikerketa-lana aitortu dute udal ordezkariek.
Lankidetza proiektuak. Senidetze Itunaren bidez, bi udalerrien arteko “adiskidetasun eta lankidetza harremana indartuko dute, adiskidetasun, batasun eta anaitasun harreman adeitsuak izateko erabakia berretsi dute, bi herrien aurrerapenerako, garapenerako eta ongizaterako, alkarbizitzarako desioetan elkartuta”. Hain zuzen ere, konpromisoa hartu dute lankidetza ekonomiko, material, sozial, turistiko eta kulturaleko harremanak sortzeko: “Helburu nagusia izango da bi udalerriak lotzen dituen zorigaiztoko gertaera historikoei buruzko kontzientzia mantentzea, adiskidetasuna eta lankidetza printzipioetan oinarrituta”.
Horretarako, interes komuneko arloetan lankidetza-proiektuak garatzea sustatuko dute. Besteak beste, informazioa eta esperientziak trukatzeko asmoa daukate, “alkarren historia eta aberastasun kulturala eta naturala ikastea” bultzatuz.
Besteren artean, honako ekimenak aurreikusi dituzte: gai interesgarriei buruzko hitzaldi-trukeak, liburuen, aldizkarien eta mota guztietako argitalpenen trukeak, hizkuntzak zabaltzeko udako ikastaroak, ikasleen eta familien arteko elkartrukeak, pintura, argazki, zeramika edo beste izaera artistikoko erakusketak, folklore- jarduerak, lan, arte eta kultur lanbideak ordezkatzen dituzten erakundeen arteko harremanak, kirol jarduerak eta probak…
Senidetze Ituna kudeatzeko, Senidetze Batzordea sortuko dute, bi udalerrietako ordezkariekin, eta bi udalerrien arteko ekintza bateratuak egiteko tresna izango da.
Irailaren 8ko Busturiko Udaleko memoria historikoaren batzordean erabaki zituzten bertako ordezkariak: Aitor Aretxaga (alkatea), Idoia Etxebarria (memoria historikoaren zinegotzia), Miren Nekane Renteria Etxebarria (zinegotzia) , Maria Ascen Larrabaster Lezamiz (herritarra), Gandarias (Lekuonaren iloba eta osabari buruzko ikerketaren egilea) eta Unai Egia (ikerlaria eta memoria historikoagaz lotutako gaietan kolaboratzailea).
Busturiko alkate Aitor Aretxagak senidetzearen garrantzia nabarmendu, eta zehaztu du senidetzeak memoria historikoa eraikitzen lagunduko diola herriari: “Gaur inoiz baino gehiago jabetzen gara bakea beharrezkoa dela, eta herrialdeen arteko harmonia funtsezkoa da bakea lortzeko. Izugarri harrotzen gaitu Busturia eta Hradistko herri senidetuak izateak, gure herriaren memoria historikoa eraikitzen lagunduko duelako. Busturian urteak daramatzagu bide horretan lanean. Senidetze itun hau tresna ona da iraganean gertatutakoak balioesteko eta zabaltzeko, printzipio eta balio demokratikoekaz dugun konpromisoa berretsiz” .