Idiazabal Eguna ospatu dute, lehenengoz
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren kontseiluaren Batzar Orokorrean eta sektoreari dagozkion zenbait gai jorratzeko mahai-inguruan elkartzeaz gain, Jose Mari Ustarroz nafarra omendu dute.
Idiazabal Eguna, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren eguna, lehenengoz ospatu dute gaur [irailak 28], Kontseilu Arautzailearen 36. urteurrenarekin bat eginez. BBK Klima Abentura Parkean batu dira artzainak, ekoizleak, Artzain Eskolako ikasleak, sektoreko adituak eta erakunde publikoetako ordezkariak. Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren kontseiluaren Batzar Orokorragaz hasi dute goizan, eta, ondoren, aurkezpen ekitaldian gogoratu dute, lehen sektorea “estrategikoa” dela jasangarritasuna lortzeko bidean.Ā
Jose Mari Ustarroz Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapen Babestuaren lehendakari ohia omendu dute, merezitako aitortza beroa jasoz.
Horren aurretik, jasangarritasunari buruzko mahai-inguruan elkartu dira; besteak beste, zientziatik, ikerketatik, egunerokotasunetik eta artzainen eta ekoizleen lanetik osatu dute jasangarritasunaren puzzlea, “aterkia jatorri izendapena izanda”. Aritz Ganboa artzain ezagunak gidatutako saioan, Basque Food Cluster, BC3, Neiker eta EHU-ko kideekin batera egon dira Felix Ajuria Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren kontseiluaren presidentea eta Agurtzane Gabiria artzaina. Sektoreak ikuspegi desberdinetatik eskaintzen dituen jasangarritasun-balioak, gai horren inguruan jorratu beharreko erronkak eta gizartean duten balioa izan dituzte hizpide.
Besteren artean azpimarratu dute jasangarritasuna ezin dela ulertu iraunkortasunaren printzipio gabe. Jasangarritasun ekonomikoa, errentagarritasuna izan dute hizpide, Idiazabal Gaztari merkatuan, jendartean, balioa ematen ote zaion eta euren artzaintza ereduaren iraunkortasuna bermatuta ote dagoen galdetu, eta belaunaldien arteko erreleboari buruz ere aritu dira. Hala, duintasuna aldarrikatzeko tartea ere egon da, gainontzeko lanbideetan bezala baldintza duinak behar dituztela esan dute.
Bestalde, Gabiriak bere esperientzia kontatu du. Oraintsu erabaki zuen artzain izatea; gurasoengandik etxean gertutik bizi izan du artzainen lanbidea, baina 15 urtez industria sektorean behar egin ostean erabaki zuen lanbidea aldatzea: “Gizarteari erakutsi behar diogu bertatik bizitzeko aukera badagoela, erabaki ona dela, ez da erraza, baina lanbide duina dela erakutsi behar dugu. Lan gogorrak, baina politak biltzen ditu, eta uste dut lan oso duina dela”.