Jordaniako basamortuaren bila
Urriaren 2tik 6ra bitartean, 230 kilometro egin beharko ditu Julen Urdaibai korrikalariak Ultra X Jordan lasterketan; 11. erronka dauka aurretik.
Iaz hotza, aurten beroa. Zirkulu Polar Artikoko Ice Ultra lasterketa irabazi ostean, Jordaniako Ultra X Jordan lehiatzera doa Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra. Basamortua ezaguna du, eta erronka berria ere basamartuan dauka. Urriaren 2tik 6ra bitartean, 230 kilometro egin beharko ditu bost etapatan. Bermeotarraren 11. erronka da, eta “gogotsu” doa; eguna iristeko zain dago egunotan.
Azken lasterketetan etapetarako behar zuen guztia soinean eroan behar zuen Urdaibaik, oraingoan ez: “Etapa bakoitzerako behar dudana baino ez dut nigaz eroan beharko. Kanpamentura heltzen naizenean antolakuntzakoek maleta emango didate gainontzeko guztiagaz, jan-edanak, lo egiteko zakua… hemendik bai nik eroan behar ditut horiek guztiak”.
“Hainbeste urteren ostean, esan dezaket badakitela zer aurkituko dudan, basamortuetan ibilitakoa naiz eta”.
Soinean pisu gutxiago eroanda, “arinago” joan ahalko dela dio eta, ondorioz, entrenamenduak ere aldatu behar izan ditu: “Lasterketara moldatu beharra dago beti”. Hala ere, dioenez, prestatzeko “ez du ezer berezirik” egin. “Hainbeste urteren ostean, esan dezaket badakitela zer aurkituko dudan, basamortuetan ibilitakoa naiz eta. Hasieran hareatzetan entrenatzen nuen, baina orain badakit zer dagoen”.
Zailtasunik handiena lursaila bera izan daitekeela dio: “Tenperatura aldetik ez dut uste muturrekoak izango direnik. Baina lursaila hareatsua da, biguna. Higadura handia ekarri lezake”. Desnibel handirik ez dute edukiko, nahiz eta hareazko dunaren batzuk igo beharko dituzten.
Ibilbidea “deigarria”. Bost etaparen ostean egongo da helmuga, 38, 42, 60, 48 eta 34 kilometroko etapak tartean: “Aurten, luzeena ere, ez da Ipar Polokoaren modukoa, 90 kilometrokoa zela. Beste etapetan daude kilometroak sartuta”.
Ibilbidea bera ere “deigarria” dela dio, etapa gehienak zirkularrak direlako: “Irteera puntu gehienak leku beretik dira. Antolakuntzakoentzako errazagoa da modu horretara”.
“Urteek irakatsi didate faktore askoren eraginpean dagoela azken emaitza”.
Helburuagatik galdetuta, sailkapenean goian egotea dela dio, baina badaki ez dagoela bere esku: “Urteek irakatsi didate faktore askoren eraginpean dagoela azken emaitza”.
Hain zuzen ere, Wadi Rume basamortuan egingo du korrika bermeotarrak, leku historikoetan barrena; hareazko dunak zeharkatu beharko dituzte lehiakideek. Betidanik “interesgarria” iruditu zaion basamortua dela dio bermeotarrak: “Historikoki eta zinematografikoki oso garrantzitsua den basamortua da. Batetik, antzinako Zetaren bidearen zati bat egingo dugu; bestetik, zinema asko gustatzen zait, eta film asko bertan grabatu dituzte, Marte edo Arabiako Lawrence, esaterako. Basamortu polita dela esaten dute, gorrizka”. Buruan bai, baina Jordaniakoa ez zen Urdaibaren zerrendan lehenengoetakoa.
Everest buruan. Aurten, Nepal zeukan buruan; izan ere, proiektu bat darabil buruan. Everesteko kanpamentu nagusia eta Nepalgo hiriburu Katmandu lotzea zen bermeotarraren ideia, hau da, 330 kilometro korrikan egitea. Hiruzpalau urte daramatza poiektu horri bueltak ematen: “Ibilbide hori eginda dauka neska ingeles batek, 72 ordu ingurutan. Kanpoko laguntzagaz egin zuen ibilbidea, ezer gainean eroan barik. Nik, baina, ibilbidea nire estilora egin gura nuen, autosufizientzian, behar dudan guztia soinean eroanda eta kanpoko laguntza gutxiena erabilita. Horren atzean, baina, ez dago antolakuntza bat Jordanian moduan. Lekua ez dut ezagutzen, ez dakit zenbat denbora beharko dudan ibilbidea egiteko… Dena da berria, eta horrek guztiak motibatu egiten nau. Xerpa batzuekin ere berba eginda neukan ibilbideari buruz”. Proiektua, hortaz, nahikoa landuta eta lotuta dauka.
Apirilean egin gura zuen Everesteko proiektua, Aste Santuko oporraldian. Urtarril-otsail aldera, hegaldien prezioek gora egin zuten nabarmen, “aurrekontua lar igota”. Aurtengo ilusioa hori bazen ere, ideia hori, hozkailuan utzi du, hurrengo baterako gordeta.
“Dortsalak alde batera utzi, eta beste mota bateko esperientziak egiteko gogoa daukat”
Everesterako entrenatzen hasita zegoenez, beste gauza batzuk aztertzen hasi zen, eta lehentasuna ez bazen ere, Jordaniaren txanda zela iruditu zitzaion.
2008. urtean egin zuen lehenengo lasterketa, Marathon des Sables: “Orduko hartan lasterketa hori egitea baino ez zen asmoa, gerora baina beste hainbeste etorri dira. Ez nuen uste honaino iritsiko nintzenik. Hala ere, dortsalak alde batera utzi, eta beste mota bateko esperientziak egiteko gogoa daukat. Neure erara”.