Askotariko programak asko eman du
Musika klasikoaren aniztasuna islatzea lortu du MusikEAn zikloak, hirugarren urtez. Eskaintza zabala eta askotarikoa izan da, eta artistek emandakoagaz eta publikoaren erantzun onagaz bete dira.
Teradizio eta berrikuntza uztartu ditu MusikEAn musika klasikoko kontzertu zikloak. Bi asteburutan, fusio bitxi zein aberatsak hartu ditu hitzordu honetarako beren-beregi areto dotore bihurtutako Eskolondoko frontoiak.
Sei emanaldi eskaini dituzte; Herrijei Emon Arnasa Kultura Taldeak Agustin Bergara zikloaren koordinatzailearen gidaritzapean, programazio zabala bezain aberatsa ondu zuen, eta emaitza “apartekoa” izan da.
Aretoa txiki geratu zaie, egunero bete dute, eta artistek emandakoagaz bete dira. Gozatua hartu dute. “Euskal Herriko musika tradizioak zein berritzaileak” bat egin dute.
“Jendetza egon da aurten ere. Egun guztietan aforoa gainditu zen. Publikoan adin nagusikoak eta gazteak ikustea itzela izan da. Halaber, Iparragirre, Guridi eta Usandizaga bezalako konpositore ezagunen piezak entzun genituen, gure kanta eta musika ezagunak”, azaldu dute kultur taldeko kideek. “Publikoaren erantzuna itzela izan da, herritarrek egun bakar batean ere ez dute hutsik egin. Jendea oso pozik egon zen”, gaineratu du Bergarak.
Hain zuzen ere, “eskaintzak era askotakoak” izan dira, eta zer topatuko zuen ez jakite horrek “jendea erakarri” zuen, eta emaitzagaz “liluratuta” geratu ziren: Aurtengo ziklo honetatik kontzertuen aniztasuna eta musikarien eta abeslarien aparteko kalitatea azpimarratu ditu Bergarak: “Agian, beste urte batzuetan, kalitatezkoak izanda ere, interprete gazteagoak egon izan dira; aurtengoak helduagoak eta esperientzia gehiagokoak izan dira, eta hori igarri da”. Bere berbetan, «aurrekoetan baino kontzertu ziklo anitzagoa” izan da: “Beste urteetan, batik bat, pianoa oinarri izan duten taldeak ekarri izan ditugu. Aurten pianoa ez izatea erabaki genuen. Kontzertu ziklo batean pianoa parte oso garrantzitsua da, orokorrean, edozein talderen oinarri nagusia delako. Emanaldiak askotarikoak izan dira, perkusioa egon da, sokazko laukotea, koruak… Dena hain diferentea izan denez, jendeari asko gustatu zaio. Denek esan digute errepikatu egin behar dela. Egutegian finkatu beharreko hitzordua dela”.
Olatz Saitua sopranoa eta Eugenio Tobalina gitarra jotzaileak eskaini zuten lehenengo kontzertua irailaren 15ean. “Ez da ohikoena, baina ondo atera zen eta jendeari gustatu zitzaion”, esan du zikloaren koordinatzaileak. Eta, esaterako, hilaren 22an, Perkusbiska perkusio bikoteak eurek markatutako bidetik eroan zuen publikoa, txaloekin erritmoei segitzen ipini zituzten ikus-entzuleak, “dibertigarria izan zen”.
Lehenengoz abesbatzen kontzertuak ere izan dira, eta “emaitza oso ona” izan da. Eragiyok Abesbatzak lehenengo asteburuan eskaini zuen kontzertua, eta Akelarre Abesbatzarena izan da, berriz, aurtengo zikloko azkenengo emanaldia. Biak ala biak “kalitate goreneko” koruak direla nabarmendu du Bergarak, “soinu oso onagaz”. Era berean, abesbatzen “gaztetasuna” azpimarratu dute HEA Kultura Taldekoek.
Hirugarren urtez egin dute kontzertu zikloa, eta aurten ere asmatu dute. Jendearen amultsua etengabekoa izan da: “Balorazio oso positiboa da, dena oso ondo atera baitzen”. Publikoa ez ezik, musikariak ere “oso pozik” joan zirela dio Bergarak, publikoaren erantzunagatik, publikoa “gogotsu” egon zelako: “Bete egin gaitu, eta emaitzagaz oso pozik gaude”.
Argazkiak: Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldea