Arrizabalaga eta Galeano, udako txapelketako onenak
Asteburu honetan Udako Master Laboral Kutxa txapelketa eta San Mateo Torneoa irabazi ditu Olatz Arrizabalaga aurrelari gernikarrak. Udari amaiera "ona" emanda, azken hilabeteetan egindako lanagaz "gustura" dago.
Bitik bi. Bi final lehiatu ditu asteburuan Olatz Arrizabalaga gernikarrak, eta bietan jantzi ditu txapelak: Udako Master Laboral Kutxa txapelketan eta San Mateo Torneoan. Asteburu “nahikoa gogorra” bere hitzetan: “Asteburu berean bi final jokatzea ez da normalena izaten, eta gustura nago udari amaiera on bat eman diot-eta”.
Uda “oso luzea” izan da, normalean baino luzeagoa, eta uste du “erregulartasunagatik” irabazi dutela. Ligaxkan lehenengo gelditu ziren, eta “behetik gora etorri” dira txapelketan: “Gainera, azkenengo partiduetan nahiko ondo elkar ulertu gara, eta uste dut finalean erakutsi genuela bikote moduan gehiago ginela”.
Udako Masterrean Leire Galeano atzelariagaz aritu da, eta 22 eta 12 irabazi zieten Amaia Aldairi eta Uxue Osesi finala, atzo [irailak 24], Hondarribian. Ez zen izan pilotariek zein zaleek esperotako lehia; huts asko egin zituzten, eta baita galdutako pilotak ere. Biharamuneko partiduaren eragina igarri zuen Arrizabalagak, eta, “oro har, nekearen eraginez, akats gehiago egon” zirela dio: “Ez zen izan finalik onena; finalak gutxien huts egiten duenak irabazten ditu, eta kasu honetan, guk gutxiago huts egin genuen, batez ere partidu erditik aurrera seguruago ibili ginen bai atzean bai aurrean, eta horregatik lortu genuen irabaztea”. Bereak izan ziren finaleko tantorik ikusgarrienak.
Olatz Arrizabalaga: “Batez ere partidu erditik aurrera seguruago ibili ginen bai atzean bai aurrean, eta horregatik lortu genuen irabaztea”
Hasieran berdinduta aritu ziren, eta bi atzelariak urduri sumatu ziren kantxan. Gero hobeto aritu ziren, batik bat Galeano. Aldai, berriz, eskuan min hartuta aritu zen, deseroso, eta eskumagaz sufritu egin zuen. “Konfiantza asko barik, eskuetako minagatik beldurragaz egoteak asko eragiten du. % 100 eman ezin duzunean, konfiantzan eragiten dizu”, azaldu du Arrizabalagak. Esan bezala, hasiera parekatua izan bazen ere, bederatzinako berdinketaren ostean, Arrizabalaga eta Galeano nagusi izan ziren (hamar puntu jarraian egin zituzten).
Bi finalak “oso desberdinak” izan dira. San Mateoko txapela “espero zutena baino errazago” lortu zutela aitortu du. Nora Mendizabalegaz bikotea osatuta, Leire Garairen eta Andrea Capellanen kontra jokatu zuten finala, zapatuan [irailak 23], eta 22 eta 9 nagusitu ziren. Emaitzak erakusten duen bezala, nahikoa “eroso” eskuratu zuten garaipena: “Frontoi nahikoa bizia da, eta pilota biziekin arituta, sakez min asko egin nuen”.
Aspaldian beragaz aritu barik, Mendizabalagaz jokatzea “gozamena” izan zela nabarmendu du: “Iaz gehiago jokatu genuen alkarregaz. Oso-oso ondo ulertu ginen elkar, bikote moduan oso ondo jokatu genuen, eta horrela jokatuta zaila da guri irabaztea” .
Udako helburua bete du, eta sasoian dago aurrelari gernikarra. Egindako udagaz “oso gustura” dago: “Udako helburua zen lehia erritmo horretan mantenduta, konfiantza hartzea eta eskuak zaintzea, denboraldi hasierara fresko heltzeko. Hori bete dut, eta eskuetatik nahikoa ondo nabil. Zentzu batean, txapelketa hauek entrenamendu moduan hartzen dira, gero denboraldia ondo prestatzeko, eta irabaztea ondo dator konfiantzarako”.