Ekintza txikiekin eragitearen garrantzia azpimarratuz dator Asteklima
"Herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea" helburu duen asteagaz bat egin dute Bermeon, Busturian, Ean, Gautegiz Arteagan, Muxikan eta Nabarnizen.
Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lemapean dator aurten ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea. Irailaren 22tik urriaren 1era bitartean, hainbat eta hainbat herritako txokoak ehunka jardueraz beteko dira klima aldaketa euskal herritarren agendan jartzeko, eta doakoak dira gehienak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez, bultzatutako ekimena da Asteklima, eta herritarrak “beharrezko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea” du helburu.
Laugarren urtez antolatu dute Asteklima, eta berritasun nabarmena izango du aurten. Ihobek, EEEk, Udalsarea 2030ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuak sustatuta, klimaren aldeko ekintzari buruz sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko asmoz, Asteklima Azoka hartuko dute bederatzi udalerrik, tartean, Bermeok. Hain zuzen ere, azoka ibiltaria izango da, eta urriaren 1ean ailegatuko da Bermeora; 10:00etatik 14:00etara Lameran izango da.
Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, Urban Klima proiektua, eta gizarteko gainerakoen konpromisoekin bat egingo duen konpromiso pertsonala formalizatzeko modua. Arduradunen hitzetan, azoka horren helburua da familiak kontzientziatzea klima-aldaketaren ondorioei zein eguneroko ohiturak egokitzearen garrantziari buruz, “keinu txikiekin ohitura horiek arintzen eta egokitzen laguntzeko”.
Gune bakoitzean gure eguneroko bizitzaren hainbat alderdiri eta klima-aldaketan duten eraginari buruz sentsibilizatzeko jokoak eskainiko dituzte: “Pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea da helburua, ekintzaren batekin konprometitzea, alegia. Hori betetzea errazteko, aplikazio mugikor bat (app) garatu da, pertsona bakoitzari ohiturak aldatzen laguntzeko hurrengo 21 egunetan”.
Bestalde, tailerrak eta erakusketak, hitzaldiak, antzerkiak, escape room-ak, kontu-kontalariak, bisita gidatuak eta bideo- eta argazki-lehiaketak… eskainiko dituzte herriz herri. Adibidez, Nabarnizko Udalak klima aldaketari buruzko antzerki eta ikus-entzunezko baten proiekzioaz gain, energiari eta horren eraginkotasunari zein energia berriztagarriei buruzko jardunaldi informatiboa deitu dute, eta, zehaztu dutenez, teknikariek banakako arreta emango diete saiora bertaratzen direnei, “edozein zalantza argitzeko”. Era berean, aholkularitza energetikoari buruzko hitzaldia emango dute Gautegiz Arteagan datorren astean [irailak 29], eta komunitate energetikoak izango dituzte hizpide.
Muxikarrek ere, iaz egin legez, bat egingo dute aurtengo deialdiagaz, eta astebeteko egitaraua prestatu dute horretarako. Domekan hasiko dira ekintzak, Galtzada aurrean egingo duten Nekazari eta Eskulangileen Azokagaz; jarduerak kontsumo arduratsua bultzatuz amaituko dituzte urriaren 2an, Bigarren Eskuko Azokagaz.
Aste Klimaren helburu nagusia da nahitaezko energia eta klima trantsizioaren aurrean herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea. Eta, horretarako, nekazarien eta artisauen lana balioan jarriko du Muxikako Udalak domekan [irailak 24]. Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako nekazariak eta eskulangileak protagonista izango dituen azoka izango da. Basotxoritxu dantza taldeak eta umeentzako herri kirol jolasek girotuko dute eta, ostean, trotzan, korrika eta txinga eroaten ariko dira profesionalak. Iker Vicente eta Ainitze Zumeta Ugaitz Mugerza eta Lierni Osaren aurka ariko dira lehian. Harri jasotze erakusketa eskainiko du, berriz, Mikel Lopategik, eta aizkora erakustaldia Joxe Mari Esnaolak, 5 metroko altueran.
Halaber, ekokazetaritzan espezializatua den Ricardo Gamaza kazetari eta ikertzaile ezaguna gonbidatu dute beste urte batez Ean. Monopolia. Agua: Negocio y Poder Politico dokumentalaren egilea da Gamaza, eta berak gidatutako zineforumaz eta solasaldiaz gain, bi tailer eskainiko ditu; batean, “mundua eraldatzeko eguneroko ekintzak” aztertuko dituzte beragaz, eta, bestean, ura eta klima aldaketa gaian sakonduko dute. Era berean, Enaden Begiak fundazioaren eskutik, berriz, udalerrian klima aldaketara egokitzeko burututako ekintzei buruz berba egingo dute urriaren 1ean.