Askotariko eskaintza dakar 'Urdaibai Gurie' egitasmoak, bigarrenez
Tokiko produktuen merkatua, haurrentzako eta helduentzako jarduerak, ikuskizunak eta gune gastronomikoa egongo dira Busturiko Ekoetxea Urdaibain, domekan [irailak 24], 11:00etatik 16:00etara.
Urdaibai Gurie eskualdeko aisialdi, kultura, arte, artisautza eta gastronomia eskaintza da. Inguruari, pertsonen ongizateari eta Urdaibaiko esentzia eta ondare kulturalaren transmisioari laguntzeko konpromisoa duen ekitaldia dela gogora ekarri dute antolatzaileek: “Tailer, ikuskizun eta jarduera guztiek %100eko konpromisoa dute gure biosferarekin”. Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eta UNESCO Etxeak bultzatzen duten Biosfera Naiz mugimenduaren baitan antolatzen duten egitasmoa da, eta Ekoetxea Urdaibairen laguntza daukate.
Iaz abiarazitako egitasmoak jarraipena izango du domekan [irailak 24] Busturiko Ekoetxea Urdaibain, 11:00etatik 16:00etara. Tokiko produktuen merkatua, haurrentzako eta helduentzako jarduerak, ikuskizunak eta gune gastronomikoa egongo dira. Jarduera gehienak ingurumen zentroaren kanpoaldean egingo dituzte, eguraldi txarra egingo balu, hala ere, barruan egingo lituzkete.
Azoka. Urdaibai Gurie azokak tokiko ekimenen hamahiru postu hartuko ditu, eta bertaratzen direnen eskura jarriko dituzte beren produktuak, sorkuntzak eta proiektuak. Zer dastatu ere egongo da gune gastronomikoan; izan ere, lehen sektoreko tokiko ekoizleek osatzen duten Baserritik Gernikarak, Urdaibaiko produktuekin egindako pintxo hotz eta beroak eskainiko ditu.
Helduentzako prestatu dituzten jardueren artean, marmelada, barazki pateak eta muffin beganoak egiteko tailerrak daude. Gainera, Lorategi didaktikoa proiektua aurkeztuko du Must Koopek, “sendabelarren, belar aromatikoen eta lupuluaren baratze ekologikoan oinarrituta”; infusioen dastaketa bat eskainiko dute.
Etxeko txikienek, berriz, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolarekin zirku tailerraz gozatu ahal izango dute, eta Harrikontarirekin marmokak sortzeko aukera izango dute, birziklatutako materialak erabilita. Ekoetxea Urdaibaik, gainera, bisita gidatua eskainiko du Bioaniztasunaren erakusketa iraunkorrera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kontserbazioak gure inguruan duen garrantziaz jabetzeko. Gainera, haurrentzako gune bat egongo da, aurpegiak marrazteko aukera eskainiz.
Aurten ere, Urdaibai Poetry Slamek zuzenduko du kultur jarduera, Urdaibai Haikuz japoniar poesia tailer bategaz. Horrez gain, Gernikazarra kultur elkarteko Jose Angel Etxanizek Urdaibaiko turismoaren jatorriari buruzko hitzaldia emango du.
Berritasun modura, Urdaibai Bike Rentalek bizikleta elektrikoekin egiteko ibilaldiak prestatu ditu.
Ikuskizunik ere ez da falta izango, Seroie Bermeoko musika taldeak kantua, poemak, musika eta literatura nahastuko ditu. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esentzia islatuko duen graffiti bat sortzen ibiliko da KZN tokiko artista eta Paul Larrozea DJ bermeotarrak musika elektronikoa jartzeaz arduratuko da.
LAPSE dantza garaikideko taldeek edukiko dute egunari amaiera borobila emateko ardura, pieza bat sortu dute bereziki egun honetarako.
Tailer eta jarduera horietako batzuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman daiteke Urdaibai Gurie egitasmoaren webgunean. Hala ere, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela zehaztu dute. Jarduera guztiak eta orduak egitasmoaren webgunean ikusi daitezke.