Urdaibaiko bisitarien kopuruak gora egin du udan
Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo bulegoek 35.000 bisitari inguru izan dituzte, eta Gaztelugatxeko informazio guneak 20.197 bisita izan ditu.
Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo bulegoetan, Gaztelugatxeko informazio gunean eta Gernikako Batzarretxearen ondoan dagoen kudeatzaile turistikoan uztailean eta abuztuan jasotako datuen arabera, Urdaibaiko bisitarien kopuruak gora egin du udan. Hala adierazi dute Urremendi Landa Garapen Elkartetik uda amaitzeko bi egun falta direnean.
Balantze “positiboa” egin dutela esan du Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko kudeatzaileak: “Uda aparta izan da. Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo bulegoek 35.000 bisitari inguru izan dituzte, iaz baino %30 gehiago. Urdaibaik turismo, kirol, kultura eta gastronomia eskaintza oparoa eskaintzen du, kalitatezko eskaintza zabala. Oso pozik gaude egindako lanagaz, bide onetik goaz”.
Ansotegik eskualdeko turismo bulegoek eta gainerako turismo eragileek egiten duten esfortzua nabarmendu gura izan du, “Urdaibai bisitatzen duten pertsonek modu arduratsuan egin dezaten, bisitatzen dituzten baliabideak eta espazioak behar bezala erabiliz eta gozatzen duten ingurunearekin bat etorriz”. Halaber, lankidetza publiko-pribatua ere nabarmendu du, “eskualdeko enpresekin, turismo eskaintza aberasten laguntzen baitute”.
Gaztelugatxeko informazio guneak 20.197 bisita izan ditu. Eskualdeko hiru turismo bulegoetatik, Gernikakoa izan da bisita gehien izan dituena uztailean eta abuztuan (17.248), ondoren, Bermeokoa (10.416) eta gero Mundakakoa (7.106). Batzarretxearen ondoan kokatuta dagoen euskarri digitalak, berriz, 1.204 kontsulta izan ditu.
Dioenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoara datozen turistek gehien bisitatzen duten guneetako bat da Urdaibai: “Gogoratu beharra dago ziurtagiri hori bide-orri bat dela ekoturismoaren printzipioei heltzen dien turismoa garatzeko, inguruneko ingurumen, gizarte eta ekonomiaren errespetuan oinarrituta. Gainera, aukera ematen du nazioartean helmuga hori ezagutzera emateko eta, era horretan, lurraldearen kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka babesteko, eskualdea kalitatezko turismo helmuga arduratsu eta seguru gisa bultzatuz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan erreferentziazkoa”.